Euskal Herriko Eskolartekoa aurkeztu zuten atzo Donostian Ikastolen Elkarteak, Bertsozale Elkarteak eta Orioko Udalak. Txapelketako finalaz gain, bertsolari gaztetxoen topaleku eta festa izango da. Goizean, 15-18 urte bitartekoen fnala eta bazkalostean bertso-eskolen txanda izango da. Aurkezpenean izan ziren Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta Beñat Solabarrieta Orioko alkatea.
Euskal Herriko Eskolartekoa aurkeztu zuten atzo Donostian Ikastolen Elkarteak, Bertsozale Elkarteak eta Orioko Udalak. Txapelketako finalaz gain, bertsolari gaztetxoen topaleku eta festa izango da. Goizean, 15-18 urte bitartekoen fnala eta bazkalostean bertso-eskolen txanda izango da. Aurkezpenean izan ziren Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta Beñat Solabarrieta Orioko alkatea. Bertsoa.com Orion izango da eta datorren astean bertso hautaketa zabala jarriko du sarean.
Goizeko 11:00etan hasiko da ekitaldia kiroldegian eta Eskolarteko txapelketako finala jokatuko da lehenik, Euskal Herriko 11 bertsolari gazteren artean, (Herrialdeetako txapeldun eta txapeldunordeak)
Arabatik Peru Abarrategi (1997, Aramaio) eta Maddalen Arrausi (1997, Gasteiz). Bizkaitik Asier Galarza (1996, Muxika) eta Aitor Bizkarra (1996, Abadiño). Gipuzkoatik Maider Arregi (1996, Oñati) eta Iñigo Ibañez (1997, Azpeitia). Lapurditik Aitor Servier (1997, Azkaine) eta Nahia Sasco (1998, Lekuine). Nafarroatik Mikel Lasarte (1996, Barañain) eta Maddalen Lopez (1997, Lesaka). Zuberoatik Ibai Capot (1997, Zalgize).
Irabazleari Maialen Lujanbiok jantziko dio txapela. Ondoren, bazkaria izango da eta dagoeneko 150 lagunetik gora daude izena emanak. Etxetik otordua eraman nahi duenarentzat ere izango da tokirik. Arratsaldean Patxi Etxeberria eta Maialen Lujanbiok egingo dute agurra eta ondoren, bertso-eskoletako lan bereziak oholtzaratuko dituzte. Festa borobiltzeko, erromeria Obaneuke taldearekin.
Tellituk nabarmendu zuen Eskolarteko Txapelketaren helburuak, sorreratik, izan direla "gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukerak ematea, adin horretako haur eta gaztetxoak entzulearen aulkitik zaletzea eta bertsoaren bidez ikastoletan euskara eta euskal kultura sustatzea". Era berean azpimarratu zuen hogeita sei urteko ibilian Eskolartekoak ondo bete dituela helburuok. Aurtengoa Ikastolen Elkartearen eta Bertsozale Elkartearen lankidetzan antolatzen den lehen Eskolartekoa da eta hori ere nabarmendu zuen Tellituk, filosofian ekarri duen berrikuntzarekin batera.
Iñaki Muruak azaldu zituen berrikuntza honek gako nagusiak: gaztetxoei lehia gabeko saioak eskaintzea, 15-18 urte bitartekoei txapelketa bai baina testuinguru goxoan kantatzeko aukera ematea, herrialdeetako finalak Bertso Eskolen Egunetan kokatzea, bertsolarien kantatzeko aukeraz gain gai-jartzen parte hartzeko bidea zabaltzea bertsolaritzako rol aniztasuna jorratuaz... Parte hartze datuak ere eman zituen Bertsozale Elkarteko lehendakariak. 130 bertsolaritik gora izan dira Eskolarteko txapelketan kantatu duten 15-18 urte bitarteko gaztetxoak eta ia 40 bertso-eskolak hartu dute parte. Finalaz, berriz, adierazi zuen batez ere horien guztien topagune izatea dela Eskolartekoaren helburu nagusia.
Beñat Solabarrieta Orioko alkatea izan zen hitza hartzen hirugarrena. Solabarrietak adierazi zuen Oriorentzat ohore bat zela Eskolartekoaren finala bigarren urtez bere herria egitea ekitaldiak duen garrantziagatik. Era berean, azpimarratu zuen Orio euskagintzako bi elkarte garrantzitsuren lankidetzaren topaleku izango dela. Azkenik, gisa honetako ekimenetan herri erakundeen papera ere definitu zuen Orioko alkateak: "Gure ustez herri mugimendua bultzatzea izan behar du erakunde publikoon lana".