Ahoa Bete Hots 2014-07-02

Kantuaz eta kantuz

Kantuaz eta kantuz
Gaur hasi dira "Ahoa Bete Hots" jardunaldiak Villabonan. Jende-betekada ederra hartu du Subijana Etxeak Mikel Markezen, Amaia Zubiriaren eta Maika Etxekoparren hitzaldiak jarraitzeko.
 Kantuaz eta kantuz hasi dira "Ahoa bete Hots" jardunaldiak Villabonako Subijana Etxean. Ahozko Kultur Generoen transmisioaz ariko dira bosgarren edizio honetan. Gaurko saioan, Mikel Markez, Amaia Zubiria eta Maika Etxekopar izan dira hizlari, eta baita kantari ere, zenbait unetan. Egoitz Zelaiak egin ditu aurkezle lanak, berezi. 27 lagunek eman dute izena aurtengo edizio honetan.

 Ahotsetik euskarrira eta euskarritik ahotsera

 Euskal kantagintzaren inguruan aritu da Mikel Markez (Errenteria, 1971) kantaria eta irrati esataria. Azken 50 urteotako kantagintzaren errepaso bat egin du, euskarriak abiapuntutzat hartuta. Izan ere, kantuak emateko euskarriak transmisioan ere eragina daukala uste baitu. 1900 urtera bitartean, ahotik belarrira eta belarritik ahora egiten zen transmisio hori, eta ohikoa zen "telefono hautsia" jolasean bezala, iturritik hartutakoa eraldatuz joatea, izan belarri txarragatik edo hobetu nahian. Gauzak aldatu egin ziren, ordea, XX mende hasieran, Fonografoa asmatu zenean. Hortik aurrera, ahotsak gordetzeko euskarri bat sortu zen. Garai hartakoa da euskarazko lehenengo grabazioa.

 1960ko hamarkada inguruan aldaketak iritsi ziren euskal kantagintzara: Mixel Labegueriek bi seingle kaleratu zituen, eskuz esku pasa zirenak. Horrekin eman zitzaion hasierako 60ko hamarkadako singleen garaiari.

 Frankismo garaiak ziren, Vietnamgo gerrarenak, Pragako Udaberriarenak... Giro horretan sortu ziren Mikel Markezek euskal kantagintzaren "lehen erreferente kolektibo" bezala bataiatu dituenak: "Ez dok amairu". Emanaldi kolektiboak egiten zituzten, euskal tresna tradizionalen laguntzaz, eta Gerra Zibilak eta diktadurak zapuztutako gizartean piztualdi bat ekarri zuten, eta zentsura gainditzeko gai izan ziren metaforaz betetako kantuekin ("Loretxoa"...). Kantu tradizionalez gain, kanpoko erreferenteak hartuta ere haize berria ekarri zuten: Atahualpa Yupanqui, Victor Jara... Horrez gain, Loiolako Herri Irratiak ere garrantzia handia izan zuen, bai grabazio eta bai hedapen lanetan ere.

 70eko hamarkadan jauzi teknologiko batek aldaketak ekarri zituen, 45 minutuko diskoak sortu baitziren. Gaur egunera arte iraun duen formatua izan da. Franco hil aurretik desagertu zen "Ez dok amairu", baina bide beretik saiakera ugari egin ziren.

 Franco hil ondorengo leherketari "Txanpinoien aroa" deitu dio Mikel Markezek. Azaldu duenez, ugaritasun garaia izan zen: kantariak erreferente politiko eta sozial bilakatu ziren. Diskoetxeak sortu ziren hedapenerako tresna modura, eta baita era guztietako taldeak ere: plaza-taldeak (Akelarre, Egan...), Folk taldeak (Oskorri), Rocka (Errobi) eta baita literatura eta musikaren arteko uztarketak ere (Ruper Ordorikaren "Hautsi da Anphora").

 80ko hamarkadan kasseta iritsi zen, eta honekin batera etxean kopiak egiteko aukera edo bilduma propioak sortzekoa. Apurketa garaiak izan ziren: langile borroka, intsumisioa, heroina, gaztetxea, irrati libreak... "Hil ezazu aita" kantatzen zuten Hertzainak taldeko kideek, nahiz eta Euskal Herriko gatazkak halako utopia puntu bat ere ematen zion beste hainbat herrialdetan (Londresen, Berlinen...) "suntsitzaileagoa" zen Punk mugimenduari. Ipar Euskal Herrian ez zen mugimendu honen oihartzuna hainbeste nabarmendu.

 90eko hamarkadan CDa agertu zen, eta hiru formatu elkarrekin gatazkan ibili ziren: kasseta, viniloa eta CDa. Garai honetan ez zen apurketarik proposatzen, aurreko garaiek eta erreferentzia berriek, denek balio zuten. Su ta Gar taldeak "Haika mutil" kantuaren bertsio bat egin zuen, eta Exkixuk "Loretxoa" kantuarena, besteak beste. Taldeek estetika gehiago zaindu zuten, eta proposamen berriak sortu ziren: Berri Txarrak, Betagarri, Sorotan Bele, kantautoreak, trikitixa eta Rockaren arteko uztarketak, literatura eta musikaren arteko loturak... Estudioak ugaritu ahala, taldeak maketak egiten hasi ziren.

 2000. hamarkadan bukatu du kantagintzaren errepasoa Mikel Markezek. Azaldu duenez, formatu gabeko garai batetik gatoz formatu gabeko garai batera joateko; denak dauka epe laburragoa, eta taldeak gehiago joaten dira kantu baten bila disko oso baten bila baino.


 Amaia Zubiria: lotsatik aberastasunera

 Etxean jaso zituen kantu eta bertso zaharrak Amaia Zubiriak (Donostia, 1947). Hasieran, ordea, lotsatu egiten zen, euskal tradizio hori lotsatzekoa iruditzen baitzitzaion kalera joateko, ezkutatzekoa. "Inon inongoa" izatearen sentsazioa zeukan, eta euskara jaso arren erderarantz zihoala azaldu du. Zer gertatu zen, ordea? Erromantzeak jaso zituela, gustatu egin zitzaizkiola, eta bere jatorria maitatzen hasi zela. Horri sorkuntza erantsi zion gerora, "sinpletasunetik" abiatuta, lotsak galduta.

 Dena jasotzen ahalegindu dela azaldu du: mundu tradizional batetik zetorren, mundu itxi batetik, eta mugimendu bakoitza interesgarri zitzaiola dio: "adorea behar zen kultura onartzeko eta baita nork bere bidea topatzeko ere". Pixkanaka pixkanaka bere gustu estetikoa erreformatuz joan zen.

 Hala ere, badu pena bat: "emakume gutxi agertu dira historian". Azaldu duenez, garaian garaian kokatu behar da emakume batentzat zeinen zaila zen plazara ateratzea: "espazioak irabaziz joan gara baina asko kostata: karga handia zeukan lege horrek, irudi jakin bat eman behar zen". Urte askotan pertsona bezala hartuak gizonak soilik izan direlakoan dago, emakumea emakume soila izan dela. Transmisio garrantzitsuena bide horretan egin delakoan dago, baina "xaxatzen" jarraitu behar dela.

 Gainerako emakume sortzaileekin izandako harreman eta transmisioaz galdetuta, Maurizia ezagutzeko zortea izan zuela dio, "emakume osoa", plazan eta sukaldean beerdina zena. Dena den, urteetan onarpenik ez zuela jaso eta triste mintzo da: "turistei eta erregeei kantatzen zien, eta hori ez zen begi onez ikusten". Norbaitek eman behar izan zion onarpena.

 Bere kasuan, bere kontatu beharretik, bere estetikatik kantatu izan duela azaldu du, kantu pertsonalak egin izan dituela. Kantu "atenporalak" egiten saiatu izan da, noizbait norbaitentzat baliagarri izango direlakoan.


 Maika Etxekopar: "Transmisioak funtzionatzen du besteari ematen dizkiogunean sortzeko tresnak"

 Kantaria, antzerkilaria eta musikaria da Maika Etxekopar (Gotaine-Irabarne, 1987), ez ikerlaria, eta hala iritsi da Villabonara: bere ibilbidea abiapuntutzat hartuta azalpen orokorragoak ematen saiatzera. Bere kasuan, transmisioa jaso egin duelakoan dago. Zuberoan gaur egun talde asko daudela azaldu du: gizonenak, neskenak edo nahasirik. Gainera, urteroko pastoralean "sorpresak" izaten direla azaldu du. "Amaren Alabak" taldean ari da bera egun.

 Gaur egun Zuberoan ez da eskolarik kantuak transmititzeko; informalki egiten da, etxean edo lagunartean. Umetan Kantu Txapelketetan hasi zen Maika Etxekoparren ibilbidea, aitak lagunduta. 10 urte inguru zituztela elkartu ziren lehenengo aldiz "Amaren Alabak" taldea osatuko zutenak, Bedaxagarrek emanaldi baterako neska talde bat behar zuela-eta. Zuberoan neskak eta mutilak beti bereizita aritu izan direla dio, bai dantzan eta baita kantuan ere. Bide hori hautsi nahia ageri du Maika Etxekoparrek. Behin taldea sortuta, Kantu Txapelketetan hasi ziren, eta hortik kantaldietarako deiak jasotzen hasi ziren. Azkenean, bere amak proposatuta, ikusgarri bat prestatzen hasi ziren, eta gaur egun berain kabuz prestatzen dituzte ikuskizunak, beraiek ari dira beraien bidea asmatzen eta beraien erreferentzien bila jotzen.

 Kanturik ez dute sortu oraingoz taldean, naiz eta Maika Etxekoparrek berak badituen eginak. Interpretazio mailan saiatu dira sortzen, forma aldetik behartzen... "Zuberoan bada joera gitarra sart denetik dena leuntzekoa". Berari, ordea, interpretazio "basa", erritmo gabea gustatzen zaio. Azken finean, euskaraz ez dakien jende askok kantatzen du euskaraz Zuberoan; beraiek erakutsi nahi dute hitzak ulertzen ez dituenak kantuaren erdia galtzen duela behintzat, eta hitzen erritmora kantatzen dute.

 Euskararen galera honekin kezkatua dago Maika Etxekopar. Dantzak euskaraz egin gabe ere iraun duela azaldu du, baina kantuaren egoera ezberdina dela. "Orain arte kantua dantza bezala zen; euskaraz jakin ez arren kanta zitekeen, honekin estaltzen ziren arazoak". Baina pastoraletan ohartu dira ez dela gauza bera euskaraz ez jakinda kantatzea.

 "Kantatzea da transmititzea" esan du, bukatzeko: "transmisioak funtzionatzen du besteari ematen dizkiogunean sortzeko tresnak". Bere belaunaldian Zuberoan sortzaile asko daudela azaldu du, baina euskaraz dakitenen gabezia somatzen hasiak direla. Beldur da kantuak emateko modu zaharra galduko ote den.


 Kantagintzaren errepaso kantatua eguna borobiltzeko

 Azkenik, Mikel Markezek berak hautatutako eta publikoak proposatutako abestiak kantatu ditu, Amaia Zubiriaren eta Maika Etxekoparren laguntzaz, bertaratu direnen gozamenerako. Kantagintzaren errepasoa eginda eta erantzun adina galderarekin joan dira bazkaritara ondoren.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri