Bertsolaritza Irakaskuntzan: bertsotik haratago doan proiektua
Joxema Leitza bertso-irakasleak, Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko eragileak, Xabier Urizar Iruñeko San Fermin Ikastolako irakasleak, Maria Gonzalez Urdiaingo herri eskolako irakasleak eta Joana Ziganda Irurtzungo Atakondoa Ikastetxeko zuzendariak nork bere talaiatik azaldu dute proiektua.
Urteak dira Nafarroan hezkuntza arautuan "Bertsolaritza Irakaskuntzan" proiektua martxan jarri zenetik. Proiektuaren berri izateko elkarrizketa-sorta egin du Bertsoak.
1 400 ikasle baino gehiagorengana iristen da
Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko eragileak azaldu duenez, gaur egun Nafarroako 37 ikastetxetako 1 400 ikasle baino gehiagorengana iristen da proiektua. Gehienak D ereduko zentroak dira, eta batez ere Lehen Hezkuntzako 6. mailan jasotzen dute klasea.
Joxema Leitza bertso-irakaslea klasetik klaserako ibilian egon da Bertsoa-rekin. Azaldu duenez, kasu askotan bertsolaritzarekiko atxikimendu handirik ez da izaten hasieran, eta ezagutzarik ere ez, baina ikasleak motibatuta ikusten ditu, "gauza berria da". Normalean ez omen dago kanturako ohiturarik, eta jende aurrean gutxiago.
Bertsotik haratago doan proiektua
Lorea Arburuak azaldu duenez, ahalik eta gaztetxo gehienengan bertsolaritzaren transmisioa gauzatzea izan ohi da helburua. Hala ere, Joxema Leitzaren iritziz, bertsoaren bitartez beste hainbat gauza lantzen dira klasean bertsoa bera baino lehenago: isiltasuna, entzuten jakitea, talde-lana... "Hortik abiatuta lantzen da bertsoa".
Bat dator Xabier Urizar Iruñeko San Fermin Ikastolako irakaslea ere. Bertsoak "edozer" lantzeko aukera ematen duelakoan da. Joana Ziganda Irurtzungo Atakondoa Ikastetxeko Zuzendaria ere ados dago. Bertsolaritza klaseetan ikasleak jende aurrean jartzen direla dio, eta horrek "ziurtasuna" ematen diela.
Emozioak bertsotik lantzen
Maria Gonzalez Urdiaingo Herri Eskolako irakaslea da. Berak ere uste du bertsolaritzaren bidez gauza gehiago landu daitezkeela, bereziki adimen emozionala. Horretarako, gaitegi berezi bat prestatzen dute klasean ikasleen interesetatik abiatuta. Horren bidez "autoestima eta ziurtasuna" lantzen dituzte.
Joxema Leitzak ere antzeko bidea egiten du: gai bat proposatzen die ikasleei, horri buruzko bertso-sorta batekin, eta hortik abiatuta euren sorkuntza eta eztabaidak pizten ahalegintzen da.