Halaxe eraman du Fredi Paiak Algortara aurtengo txapela. Kolpeka. Bere estiloan, bere bertsokerari etekina aterata. Final asko, urte asko eta lan asko pasa ditu Fredik eta gaurkoan jaso du Miribillan saririk handiena.
Lau mila lagunetik gora eta giro beroa egon da hasieratik. Bi finalista berri ziren Xabat Galletebeitia lekeitiarra eta Oihana Bartra bilbotarra eta beraien eraman dituzte jarratzaile sutsu eta zaratasuenak Bizkai Arenara.
Bost ordutik lautik baino gertuago izan ditu finalak eta hala ere eutsi dio, giroari tentsioari eta baita bertso mailari ere. Saio politak entzun dira orokorrean ofizotan. Zortziko handikoa zen lehena eta leherketetara iritsi gabe ere, elkarrizketa dotoreak entzun dira orohar. Etxahun Lekue eta Jone Uriarena adibide garbiena behar bada.
Zortziko txikian ere, balekoak izan dira lan guztiak, baina oraindik asko piztu gabe. Etxahun Lekueren joskera geratu da apuntatua nere oharretan. “Josi ta josi”. Txapelketaren leloari kasu egite aldera edo, bertsoko puntuak elkarrekin lotuta eramaten ditu larrabetzuarrak.
Hamarreko txikian etorri da beharbada saioaren gorakada. Hor asmatu dute ia denak. Xabat Galletebeitiak gora egin du eta Estiballesekin osatu du umore beltzeko saioa bere buruaz beste egitera doan bikotearen larruan. Fredi eta Onintza politikariak, Iratxe Ibarra eta Lekue maitaleak topikoetatik ihesi, edo Jon Uria eta Oihana Bartrak ere kaleko musikariaren rolean. Oihana ere orduantxe lasaitu da eta ondoren saio guztietan gora egin du. Hamarreko txiki hauetan aipatzekoa izan da gaiek ematen zutela serio edo umoretik hartzeko aukera eta bertsolariek umorera jotzera erabaki dute eta asmatu dutenez jendeak asko eskertu du eginahala.
Puntu erantzunetan ale onak eta balekoak tartekatu dira eta bakarkako hurrengo lanean, gai bati bina bertso kantatu beharra,orudarteko tentsio eta mailari eutsi zaio. Egon dira akats tekniko bat edo beste (Etxahunek poto egin du eta horrek urrutiratuko zuen behar bada buruz burukotik) baina lan polita egin dute. Fredi berak gai zail bati (transexualaren gurasoa) buelta eman dio, Bartrak ederki lotu ditu errima desberdinetako puntu motzak eta luzeak Izarren hautsa doinuan, eta akaso onena Onintza Enbeitak osatutako bi bertsoak. Dotore beteak.
Buruz burukorako beste bi izen zeuden ordea gordeak. Alfabetikoki Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia. Eta biek gora egin dute orduan. Orduantxe hasi dira kolpeka. Aizkorakadak zenbaitetan, batez ere Frediren aldetik. “Aske” sentitu omen da eta “biruta ematera” abiatu da.
Zortziko txikian, zein seiko motzean horretan aritu dira, umoretik. Baita kartzelako bakarkako lanean ere. Fredik umoretsu, sarkastiko aipatu du kantuan, ederki osatu ditu bere bertsoak. Gaiaren heldulekua “eskua emon deustozu” azken puntura arte gordez, heriotzari eskua luzatu dion arte.
Estiballes bertsolari paperetik kantatu du kartzelakoan. Hemen, ere, esateko moduan. Zeren askotan, gehiegitan esatera ausartuko nintzateke, azaldu dira tatxapleketako gaiak eta aipamenak. Gaiak zuzenean horretara eraman dituztelako edo bertsolariak errekurtso moduan horra heldu direlako, behin eta berriz egin izan dira txapela, txapelketaren inguruko erreferentziak.
Azkenean kolpeka josi ta josi aritu diren finalean, Kristina Mardarasek jarri du txapela Paiatarren zaharrenaren buruan, bere izena oihukatzen zuen Miribillako entzuleek ospatzen zuten bitartean. Kristinak kantatu duen moduan. “ Hau ere gariapena da ta egin dagigun festa”.