Bertso Egunak bertso eskolan bete eta ospatuko du larunbatean Barañainen urrezko ibilbidea, 50. edizioa. 1968ko urtarrilaren 21ean hasi zen, Donostian.
Bertso Egunak, ibiltari, bertso eskolan bete eta ospatuko du larunbatean urrezko ibilbidea, 50. edizioa, Barañainen. 1968ko urtarrilaren 21ean hasi zen, Donostian. 1967an Fernando Aire Xalbadorri jotako txistu haien oihartzunak markatutako garaia zen.
Bertsolarien Eguna zen orduan, bertsolaritzaren urteko zita garrantzitsuenetakoa behar bada, urteko bilgune nagusia agian, txapelketaren 13 urteko etenaldiaren garaian.
Bertsolari Egunean bertsolari bat omentzen zen urtero. Manuel Olaizola Uztapide izan zen ohore hori jaso zuen lehena, Fernando Aire Xalbador bigarrena, txapelketa ziklo bateko azken txapelduna eta txapeldunordea. Goizean saioa eta bazkaria gero. Eta bazkalostean aukeratzen zen, bozketaz, hurrengo omendua.
Urteak pasa ahala, bertsolariez gain, bertso-jartzaile, gai-jartzaile eta eragileak ere sartu ziren omenduen zerrendan.
1995ean aldaketa
1994an egin zen azken Bertsolari Eguna, omenaldi formatuarekin. Espainiako gerra osteko sei bertso jartzaile omendu ziren aldi hartan. 1995ean omenaldi dinamika aldatu eta Udarregi bertsolariaren urteurrena izan zen haria. Urte luzetan ezagutu dugun Bertso Egun formatuak hor du hastapena, ekitaldi nagusia arratsaldera pasatzen da eta afaria gero.
1996an Nazioarteko inprobisatzaileak izan ziren Bertso Eguneko protagonista, bertsolariekin batean (Alpujarrak, Balear Uharteak eta Kuba)... Eta 2001an, Kursaalera lehenengoz, bertso-trama batekin.
Hamasei Bertso Egun egin dira Donostiako Kursaalen, proposamen artistiko eta esperimental anitzen inguruan. Horrez gain, egunean zehar hiriko beste eremuetara zabaldu zen bertsoa. 2016an azkena.
Bertso Egun ibiltaria 2017an gogoeta urtea izan zuen Bertso Egunak eta aurrera begira izaera ibiltaria izatea erabaki zuen Bertsozale Elkarteak. Formatu ibiltari honetan bertsolaritzaren hitzordu garrantzitsu honek Mungiarantz eman zuen lehen pausoa eta Barañainen jiratuko du mende erdiko bidea.
Bertso eskola jaialdiko gaia
Aurtengoak badu beste berezitasun bat ere. Bertso Egunak eta Bertso Eskolen Egunak hitzordua partekatuko dute Barañainen eta bertso eskola izango da arratsaldeko jaialdiaren haria. "Bertso eskolako kide guztiak identifikatuta sentitzeko moduko saio bat ari gara prestatzen" adierazi du Nerea Ibarzabal bertsolariak. Bera eta Edurne Azkarate, besteak beste, Aulki Jokoa programako aurkezlea eta Errioxako Txandrio bertso eskolako kidea aritu dira Bertso Eguneko arratsaldeko emanaldiaren gidoia prestatzen. Edurne Azkaratek gidatuko du saioa.
Baina, arratsaldea iristerako egun betea izango da larunbatekoa:
Goizean, 11:00etan Enkarguz emanaldia Alaitz ikastetxean, Andoni Egañaren eta Xabi Zabalaren emanaldi berria, Lankuren eskutik; doakoa izango da.