gazte sariketak 2019-09-23
2017an abiatu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketa, Iruñeko Udalaren eta Euskokultur Fundazioaren laguntzarekin. Orduko arrakastak hauspotuta dator sariketaren bigarren aldia, urriaren 3an hasi eta 24an bukatuko dena. Osotara, lau saio izango ditu, hiru kanporaketa eta finala, Iruñeko beste horrenbeste gune informaletan. 15 eta 30 urte bitarteko 18 bertsolari ariko dira kantuan, bikoteka.
Sariketak herrialdeko bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera ematea du xede, bai eta Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan. Gainera, Udako Euskal Unibertsitatearen, Nafar Ateneoaren, Eusko Ikaskuntzaren, Arturo Kanpion Euskaltegiaren eta Karrikiri elkartearen sustatzaile ere izan zen, beste egitasmo askoren artean. Era askotako ekimenak sustatu eta babestea xede, Euskokultur Fundazioa eratu zuen 2000. urtean, Maria Josefa Fernandezekin batera. Fundazio haren egoitzak ematen dio aterpe Nafarroako Bertsozale Elkarteari.
Terminal tabernan, Zabaldin eta Mendillorriko Antzara gunean jokatuko dira hiru kanporaketak, urriaren 3an, 10ean eta 17an hurrenez hurren. Hiru bikotek (sei bertsolarik) hartuko dute parte kanporaketa bakoitzean. Saioa irabazten duen bikotea zuzenean sailkatuko da urriaren 24an Herriko Tabernan izango den finalera. Hiru bikote izango dira bertan, nor baino nor. Ondorengoa izango da sariketaren egitura:
1. kanporaketa. Urriak 3, osteguna. 19:00etan Terminal tabernan
2. kanporaketa. Urriak 10, osteguna. 19:00etan Zabaldin
3. kanporaketa. Urriak 17, osteguna, 19:00etan Antzaran (Mendillorri)
Finala. Urriak 24, osteguna, 18:30ean Herriko Tabernan.
Hemezortzi bertsolariez gain, beste lagun andana bilduko ditu sariketak egitasmoaren inguruan. Nafarroako gai-jartzaile taldea arituko da saioetarako gaiak prestatzen, eta gazte hainbat ere ariko da saioak aurkezten. Saioak epaitzeko arduran publikoak ere izango du zeresana, horretarako banatuko diren orrien bitartez.
Sariketak, bertsolari gazteentzako akuilu
Egun, Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta Bardoak taldekako bertso ekimenarekin batera, bertsolari gazte eta hasiberrientzako sariketak dira Nafarroako Bertsozale Elkartearen sustapen arloko egitasmo nagusiak. Txandaka, bi sariketa nagusi izaten dira: Izeta Sariketa (Mariano Izetaren omenez, Elizondon), eta BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketa, orain bi urte hasitakoa, ordura arte Goizuetan egiten zen Xalto Sariketaren ordez.
Sariketak akuilu dira herrialdeko bertsolari gazteentzat, haien bertsogintzan sakontzeko eta publiko aurrean trebatzeko aukera ematen dieten neurian. Gerora Nafarroan plazarik plaza ibilitako bertsolari askok eman zituzten lehen urratsak gazteentzako bertso sariketetan.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24