Ganbaran bai - Aitor Sarriegi. 2022-10-31
Gauza jakina da gai eta egoera guztiek ez dituztela aukera berdinak ematen kantuan hasi behar duenarentzat. Badira bide desberdinak hartzeko aukera gehiago eskaintzen dituzten gaiak, edo jendearengan eragiteko aukera handiagoa ematen dutenak, esaterako. Orain arteko saioetan alde horretatik diferentzia nabarmen samar batzuk bazeudela iruditu zait, baina guztizko oreka ezinezkoa dela jakinik eta gai-jartzaile taldearen lan eskergari zor zaion errespetuz, ez da nire asmoa horri buruz aritzea.
Bertsolariak aurrean ikusten dituen aukeren artean aukeratzeko erabakiak hartu behar ditu. Azken aldiko ganbarako gai-moldeetan, adibidez, bereziki garrantzitsua da erabaki horiek hartzen asmatzea, askotan bertsoei forma emateari baino denbora gehiago eskaintzen zaio erabaki horiek hartzeari. Berebiziko pisua hartu zuen horrek 1993ko Txapelketa Nagusian. Ganbarako (orduan kartzelako) lanean bi gai ematen zitzaizkion bertsolariari eta, gai bakarraren aurrean erabakiak hartzea nahikoa ez balitz bezala, bi gairen aukera posibleak ikertu eta erabakitzea zegokion. Bide motza izan zuen esperimentuak (guztion mesedetan, nire ustez).
Aurtengo Txapelketan molde askotako gaiak entzun ditugu: betiko eztabaida izan da egoera baten aurrean bi bertsolariak parean ala aurrez-aurre jarri behar diren. Bietatik tokatu da, gai-jartzaile taldeak berariaz ariketa bererako aurrez hartzen dituen erabakietako bat, hau ere. Bada, ordea, bertsoaldiak baldintzatu dituela uste dudan zerbait. Lehen fasean 10eko txikian eta finalerdietan 6ko motzean jarritako moldeaz ari naiz. A eta B bertsolariak egoera beraren aurrean kokatzen dira, baina formulazioaren amaieran A bertsolariak B bertsolariari “halako esan dio” moduko esaldi bat txertatzen da. Hau da, A bertsolaria nolabait kokatu egiten du gai-emaileak egoeraren aurrean, eta B bertsolariak aukeratu egin behar du horren aurrean zer egin. Batetik, bertsolari batek besteak baino askatasun handiagoa du aukeratzeko, baina jokabidea zehaztu zaion bertsolariak lan hori hartu beharrik ez du. Edonola ere, aukera desberdinekin eta erabaki desberdinak hartu beharrean daude bata zein bestea. Horren aurrean B bertsolariak A bertsolariaren jokabide bera har dezake elkarrizketaren kalterako (lehen fasean ikusi dugu behin baino gehiagotan), eta nolabait kontra egitea erabakitzen badu ere, besteari gaiak adierazita eman diona adierazi beharrean aurkitzen da. Elizondon bezalatsu, Garazin ere gaian zegokien kokapena hartzeko zailtasunekin ikusi ditut bertsolari bat baino gehiago. Aukera desberdinak emate horrek bertsolariengan nahasmena eragin duela iruditzen zait, eta horren ondorio izan daiteke orain arte bertsoaldi bete-beterik entzun ez izana aurreko txapelketetan halako ale dotoreak utzi dizkigun 6ko motzean.
Hori ere aukera bat da. Biak egoera berean ala aurrez-aurre jarri erabaki behar den bezala. Bi molde horien artean aukeratzeko zailtasunak, ordea, ez zait iruditzen bakoitzari aukera desberdinak emanda konpontzen direnik.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24