Martzelina Lopetegi Bertsozale Elkartea Oiartzunen 2023-05-02

Martzelina Lopetegi: Artikutzako txapelketa irabazi zuen bertsolaria, Txirritarekin kantatuta

Martzelina Lopetegi Olaiz (Oiartzun -Ergoien auzoa, Galtzadeta baserria-, 1864-1930) bertsolariaren izena hartu du Oiartzungo bertso eskolak. Bertsoa Lore jokoen zabaldu zen aroa bizi izan zuen Lopetegik. Erromeria eta jende bileretan ere ez zen bertsorik falta izaten garaiko bertsolari handiekin batean batean aritu zen Martzelina, Txirritarekin besteak beste, txapelketa batean haren gainetik gelditzeraino. Oroingoz ez da iritsi bere argazkirik edo irudirik. Txakur Gorriak egindako ilustrazioa dakargu hemen, Hitzetik Hortzeran Emakumezko bertsolarien historiaren lanketarako egina.

Batzuetan entzuten zegoen lekutik erantzuten omen zien Martzelinak eta baita bertsolariengana hurbilduta ere. Lau ahizpek eta lagunek ez omen zuten gustuko bera bertsotan somatzea eta errietan egiten omen zien, eta beragandik alde egin. Martzelina ez zen nonbait atzera gelditzekoa. Jaietan Galtzadetara inor laguntzera joandakoekin ere bertsotan aritzen omen zen. Hala dago jasota Xenpelar Dokumentazio zentroaren biografian.

Artikutzako txapelketan Martzelina irabazle, Txirritarekin kantatuta
Artikutzan urtero bertsolari txapelketa egiten zen San Agustin jaietan, abuztuan, Oiartzungo Hau leku aittorra lanean jasotako Laxaro eta Joxe Miel Eskudero Lekuonaren kontaerari jarraituaz. Urte batean, Martzelina eta Txirrita aritu ziren, eta bertso ezagun hauek kantatu zituzten, jarritako gaiari erantzunez. Urte horretan, bi bertso horien ondoren saria Martxelinari eman zioten

--Txirritak:
Aditu bihaituzu
nere abisuak
hoiek izango dira
gauza prezisuak
jakinaren gainian
jarri gurasuak
bestela ez du balio
nere desiuak.

--Martxelinak erantzun:
Aitakin eta amakin
konpontzen naiz ondo
haitaz eskusarikan
jartzerik ez dago;
jakinaren gainian
dirade lenago
libertadia hartua
aspaldian nago.

Martzelinak hurrengo urtean Artikutzako txapelketan Txirritari kantatutako beste bertso bat ere jasota dago, maila horretako bertsolari batek neurri aldetik egingo ez lituzkeen okerrekin bada ere:

Aspalditxuan dabilkit
gauza bat goguaz
edadian ‘e bastate
aurrera baiguaz
biyek ezkondu ta biziko gera
txit modu kuriyosuaz
zuk bersuak atera ta nik
kanta-paperak salduaz.

Eta Txirritak Martzelinari bota omen zion bertsoa:

Martzelinatxo deitzen diote,
Galtzaretako alaba,
zere denboran egiña zera
zeinbait kanta ta algara,
kantak aztuta bizi biazu
nekin ezkontzen bazera.

Eta aldaera hau:

Martzelinatxo du izena,
Galtzaretako alabak;
begira dagon jendiak ere
esango dute: Ala da!
Batzuek parra egingo dute,
bestiak berriz algara,
kantak aztuta biziko zera
nekin ezkontzen bazera.

Lexoti bertsolari oiartzuarrak ere Oiartzungo Galtzadetako neskatxa batekin (ustez Martzelina) maiteminduta zegoen amerikano baten eta Matzelinaren arteko bertsoak ere gogoratzen zituen:

-Amerikanoak:
Zure aitak eta amak eta nik
hitzez tratatu genduan:
ahal baldin bazan esposatzeko
biok aurtengo neguan;
oraintxen laister esan behauzu
zer dadukazun goguan;
bazenakizu ni zuretzako
zer gauza ona naguan!

-Martzelinak:
Zu gauza ona baldin bazaude
munduan ez da txarrikan,
badirudizu gaur bertan irten
zerala infernutikan
nahiagatikan ez dezu entzungo
nigatik baiezkorikan
ez zait gustatzen zu bezelako
mutilzar itxusirikan.

-Amerikanoak:
Ez al diozu begiratutzen
nere poltsa diruari?
Hortatik sobra dabilkigunak
gauza daukagu ugari.
Ez al dituzu ikusi izandu
herrian zenbat dendari
jatekorikan eman nahi ezik
dirurik ez duenari?

-Martzelinak:
Horrelakorik ez det aditu
jaiotzetik oraindaino
nere negarra zabalduko da
Amerikatik hauntzaino
zuk izan arren urre ta zilar
zerorri estaltzeraino
nik nahiago det neskazar bizi
zurekin ezkondu baino.

Inazio Mitxelena "Artxabaleta"-ri Martxelinak botatako bertsoa (Oiartzungo plazan?) ere gogoratzen da:

Artxabaleta, mutil polita,
gustatzen zitzaidan gaztetan;
onta ezkero igualtsu da
esan eta're plazetan;
nai dezunian juan zaitia,
antxen bizi naiz Galtzetan.

"Hau leku aittorra" lanean, Martxelinak ere emakumeek bertsotan jasan behar izaten zituzten irainak jasan behar izan zituela dakar, Laxaro Eskuderoren bidez jakinda:

“Goizuetako Kaiku esaten ziotena aitzen zen kantari zerbatte –baño ez zen bersolaiya, e?-, ta harrek astokei batzuk esanak, gaizki esanak, puta bat izango balitz bezela, postura hortan. Ta [Martxelinak] geyo ez zela jongo esan ‘men zun, plaza(ra), ta ez ‘men zen jon geyo. Hoi ‘re aittu izan dut. Kaiku, ikazkin aitzen zen, ta herrira etortzen bazin beti mozkorrak, biño [bertsolari bezala] ez zun baliyo ezer."

(...)

"Joxe Miel Eskuderok zioenez, Martxelina ez zen tabernetara joaten, kantatzera, edozer gauza entzun behar izaten baitzuen…!, baina “bersolai ona ‘men zen, gue attak hala ‘saten zun”."

 

Albiste gehiago

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra

Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga - elkarrizketa 2024-03-13

«Bertso munduratze prozesu horretan sortzen diren gatazkak gorpuztuko ditugu, mimoz, arduraz eta umorez»

Larunbat gauean 21:00etan ETB1en 2024-03-07

Hitzetik Hortzera Xabier Rico Arabako txapel emailearekin