Gasteizen jokatu zen ostiraleko saioa 50 bat entzuleren aurrean; 70 bildu ziren Agurainen larunbatean eta Urkabustaizen ere giro ederra izan zen. Igandean, berriz, 30 bat lagun bildu ziren Saratxoko txokoan. Joan zen asteburuan elurragatik bertan behera geratutako saioa ere jokatu zen azkenean.
Pil-pilean dago Arabako Kuadrilla Arteko Txapelketa. Lehenengo fasea bukatzeko asteburu bakarraren faltan, pare-parean dabiltza talde gehienak. Azkeneko asteburuan bost saio jokatu ziren, eta jende ugari bertaratu zen txapelketaz gozatzeko asmoz.
Ostiralean Gasteizko Kutxi kaleko Errexala Elkartean hasi ziren asteburuko saioak. 50 bat entzulek berotutako aretoan idatzizko sortekin ekin zioten emanaldiari. Trebiñuko Gutxisolo Elkartea eta Otazuko Albokariak aritu ziren bertan. Antolatzaileek azaldu dutenez, saioz saio hobera doa maila, eta taldekideak gero eta ausartago ari dira bai gaiak lantzerako orduan eta baita antzezteko moduetan ere.
Ondoren, GASTEIZKO LIGAri zegokion saioa jokatu zen. Gasteizko Errexala eta Aizkorak Zorroztu taldeak aritu ziren Pedro Gomez gai-jartzailearen aginduetara. Saio txukuna osatu zuten bertsolariek, eta Aizkorak Zorroztu taldea nagusitu zen azkenean. Ondorioz, Gasteizko Kakiturri-Ehari eta Aizkorak Zorroztu taldeak berdinduta iritsi dira azkeneko asteburura, saio bana irabazita. Hilaren 25ean erabakiko da ze taldek egiten duen aurrera, bien artean jokatuko baitute azkeneko kanporaketa.
Larunbatean beste bi saio jokatu ziren. Aguraingo Aitxuri elkartean bertso-bazkaria izan zuten lehendabizi 70 bat lagunek. Lehendabizi, idatzizko atalean Aguraingo Ostegunetakoak eta Aguraingo Ostiral Iluntzetako Berbalagunak aritu ziren lehian.
Ondoren, LAUTADA-ARABAKO ERRIOXAKO LIGAri zegokion saioa osatu zuten Aguraingo Sorginetxe eta Arabako Errioxako taldeek. Giro ederrean osatu zuten saioa, eta azkenean bi taldeek batera kantatu zuten bukaerako agurra, "Errioxa eta Lautada / ertzetakoan onenak gara" leloarekin. Aguraingo Sorginetxe taldea nagusitu zen epaileek hala erabakita. Ondorioz, talde hau zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara, jokatutako bi saioak irabazi baititu.
Larunbatean Urkabustaizen egin zuten bigarren saioa. Izarrako Sorgin Txuriak taldeak bere bertso-sorta kantatu zuen lehendabizi, giroa berotzen hasteko.
ZUIAKO LIGAko saioa jokatu zen gero, eta Aramaioko Izarrak eta Urkabustaizko Izarrak aritu ziren bertan kantuan. Lehenengoek eraman zuten garaipena.
Igandean, azkenik, beste bi saio jokatu ziren. Saratxoko Txokoan 30 lagun elkartu ziren saioa jarraitzeko. Bertso jarrien atalean Laudioko Bertso Eskolakoak eta Basalarrinako Kantuzaleak aritu ziren kantuan, eta entzuleek gozatu ederra hartu zuten hauen lanak entzunez.
Ondoren, AIARALDEA-GASTEIZKO LIGAko saioa jokatu zen Aiaraldeko Altubepekoak eta Gasteizko Muñoko Katuak (vol II) taldeen artean. Azken hauek nagusitu ziren azkenean. Ondorioz, garaipen batekin berdinduta daude Gasteizko Eguzkilore taldekoekin. Liga honetan dena dago erabakitzeko eta oraindik hiru taldeen arteko berdinketa ere gerta daiteke, Aiaraldeko Altubepekoak eta Gasteizko Eguzkilore taldeak lehiatuko baitira azkeneko kanporaketan.
Bukatzeko, joan zen astean elurragatik bertan behera geratutako saioa jokatu zen. ZUIAKO LIGAri zegokion saioa eta Aramaioko Marixeka eta Urkabustaizko Izarrak aritu ziren lehian. Azkenean aramaioarrak nagusitu ziren, baina oraindik ez dute finalaurrekoetarako txartelik eskuratu, Aramaioko Izarrak taldearekin berdindurik baitaude garaipen banarekin. Hilaren 25ean erabakiko da nork egiten duen aurrera, bi taldeen artean jokatuko baitute azkeneko kanporaketa.
Idatzizkoetan, berriz, Izarrako Mutilak taldeak kantatu zuen.
Gauzak estu daude beraz Arabako Kuadrilla Arteko Txapelketan. Asteburu honetako atsedenaren ondoren datorren astean itzuliko dira taldeak lehiara. Informazio gehiago nahi izanez gero
www.arabakotxapelketa.org web orrian aurkitu daiteke. Gainera, orain arte jokatutako saioetako bideo eta irudirik onenak daude bertan.