Arabako Eskolartekoa 2015-05-26

"Saiatu gara kantatzeko ahalik eta espazio gehien eskaintzen"

Julen Zulaika da Arabako Bertsozale Elkarteko Transmisio arduraduna. Larunbatean jokatu zen Eskolarteko finala Kanpezun eta gustura agertu zen Eskolartekoak eman duenarekin. Kanpezu bertako eragileekin elkarlanean antolatu zuten eguna.
 Arabako Eskolartekoa jokatu zen larunbatean Kanpezun. Julen Zulaika, Arabako Bertsozale Elkarteko Transmisio arduraduna "gustura" agertu zen aurtengoan Eskolartekoak eman duenarekin: "Saiatu garena da aurten ahalik eta espazio gehien eskaintzen jendeari. Kanporaketetan bertsolari gazte dezentek hartu dute parte eta finalean ere bai. Gustura gaude Eskolartekoarekin". Hala, gazteek bat-bateko bertsoak eta aurrez prestatutako sortak kantatzeko aukera izan dute aurten.

 Herriko eragileekin elkarlanean

 Larunbatean Kanpezun izan zen finala, eta herriko eragileei garrantzia handia eman zieten: "Kanpezun jarri genuenean finaleko eguna Ikastolaren Eguna ere antolatzen ari ziren. Saiatu gara biak uztartzen. Goizean ekimen desberdinak egin ditugu baina ondoren bazkaltzeko guztiok elkartu gara eta bazkalostean gazteek prestatutako showak ikusi ditugu. Nahi genuen oholtzatik kanpo ere beste giro batean egotea. Herri mailako festa bat egiten saiatu gara, eragileek antolatu dituzten kontuak ere aintzat hartuta".

 Txapelaren ordez egurrezko mikrofonoa

 Sari-banaketan ere berrikuntzak egin dituzte aurten: txapelaren ordez egurrezko mikrofono bat eman diote irabazleari: "Eztabaida izan genuen zergatik txapela bai, beste zerbait eman ote zitekeen... Erabaki genuen eskuz esku joango zen sari bat ematea testigu bezala eta txapelduna behartzea hurrengo urtean ere etortzera sari hori ematera. Irudikatu nahi genuen hau kate luze bat dela eta denok beharrezkoak garela. Eta txapelak daukan kutsu lehiakor hori ere kendu nahi genion".

 Gaur egun Araban gero eta zabalduago dago bertso-eskolen mugimendua: "7-8 bertso-eskola daude umeenak eta gazteetan beste hainbeste egongo dira. Bailararik gehientsuenetan badaude bertso-eskolak baina oraindik batzuk finkatzeko eta beste batzuk sortzeko daude oraindik. Lana egiten ari gara eta uzta ere pixkanaka jasotzen ari garela esango nuke".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri