Durangoko Azoka 2018-12-05

Bertsolaritza ere Durangoko Azokan

Bertsolaritza ere Durangoko Azokan
Argitaratu diren lan berrienetatik hasita, Lankuren Buruz buruz proiektua izango da bat, bertsolariak eta beste eremuetako sortzaileek jarritako gaiari erantzuten, prosan.

Bertsoa eta bertsolaritza aurten ere Durangoko Azokan izango dira, forma eta formato anitzetan, proiektu eta sorkuntza lan askotan barrena. Bertsozale Elkarteak eta Lankuk estana ere izango dute Azokan, urtero gisa.

Argitaratu diren lan berrienetatik hasita, Lankuren Buruz buruz proiektua izango da bat, bertsolariak eta beste eremuetako sortzaileek jarritako gaiari erantzuten, prosan. Joseba Sarrionandiak Igor Elortzari jarri dio gaia: "Zein egia dakar bertsolariak, egia-osteko sasoi honetan? Eta Igor Elorzak Begiak izeneko saiakerarekin erantzun dio. 

Formula honi jarraiki, Onintza Enbeitak Maite Berriozabalen gaiari erantzun dio; Ruper Ordorikari Andoni Egañak; Uxue Alberdik Danele Sarriugarteren puntuari; Julio Sotok Gorka Arbizuri; Nerea Ibarzabalek Eneko Sagardoyri eta Manex Agirrek Illaski Serranori.

Zazpi liburuxka denera, Malen Amenabarrek egindako irudiz edertuak. Aurkezpenean adierazi zutenez bertsolariek gogoz eta gustura hartu dute sorkuntza lan modu hau.

Hezurbeltzak taldearen diska
Musika eta bertsoarren mugetan dabil Hezurbeltzak proiektu berria ere, Jon Maiak bi musikarekin batean ondu duena.

Uxue Alberdik Poza liburu ilustratua ondu du eta Durangon izango da hori ere, Elkarren eskutik. Anjel Larrañagak Lana festa bihurtuz diska-liburu berria izango du Durangon, Joxean Agirrek idatzia eta Lankuk argitaratua.

Bertsozaletasunaren azterketa soziologikoaren emaitzak
Abenduaren 8an, larunbatez, azokako Areto Nagusian Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoaren emaitzak izango dira hizpide, 11:00etatik aurrera.

Bertsozale Elkarteak Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez eta UPV/EHUko aholkularitzarekin eta ikertzaileekin gauzatu du ikerketa eta azken Bertsolari Txapelketa Nagusiko galdetegiekin osatu da aurrez plazetan eta zenbait elkarrizketen bitartez egindakoa.

Bertsozaletasunaren azterketa soziologikoaz eta bertsolaritzaren geroaz solasean ariko dira Harkaitz Zubiri, azterketa egin duen UPV/EHUko ikertzaileetako bat; eta Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza eta Maialen Lujanbio Bertsozale Elkarteko ordezkariak. Jone Miren Hernandez UPV/EHUko ikertzaileak gidatuko du saioa.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri