Maialen Lujanbio Zugasti - Elkarrizketa 2022-12-06

«Iruñekoa bertsogintzaren ibilbidean marka bat jarriko duen finala izango da taldearen konposaketagatik»

2022/BTN22/elkarrizketak/20221206maialenlujanbio_elk_finalaz_ona.mp3.mp4
Zazpigarren finala du Maialen Lujanbio Zugastik, aurtengo finalisten artean final gehien dituena, 1997an hasita. Bertsotan finalean zer egin nahi duen badakiela dio, nahiz kanpotik zenbat igarriko den jakin ezin. Bere finaletako errepasoa egin dugu bakoitzak utzi dion arrastoan barrena.

Jexux Mari irazu

Maialen Lujanbio Zugasti  (Hernani, 1976) sartu da Txapelketa Nagusiko eszenan. Txapelketak eman duena bizita, pozez eta gogoz dago bere zazpigarren finalerako. Egungo txapeldunaren hitzetan, Iruñekoa bertsogintzaren ibilbidean marka bat jarriko duen finala izango da «taldearen konposaketagatik».

1997an sartu zen lehenengoz Txapelketa Nagusiko finalera Lujanbio, Donostiako Belodromoan 21 urterekin. Gazteena izatea egokitu zitzaion orduan. Gaur egunean, zaharrenen langan, ohore bat dela dio belaunaldi berriekin esperientzia hori konpartitu ahal izatea.

Lan eginda doa finalera baina ez du gehiegi argitu lan horren norabidea: «ez dakit oso azertatua den egin baino lehenago zer egin nahi duzu esplikatzea. Norberak badaki non dabilen eta zeren bila baina ez dakit matiz horiek zenbateraino kaptatzen diren kanpotik. Nik badakit zer egin nahi dudan eta zer bilatzen dudan».

Oinarrizko ideia gisa hauxe utzi du: «norbere momentuko izaeraren, ikuspegiaren eta ideologiarekin enfokatuago dagoen bertsokera bat egitea».

Finala Iruñean izatea txapelketa honetako bere motibazio nagusietako bat dela aitortu du. Lujanbiok, Mendiluzek eta Colinak bezala, finaletan hiru handiak ezagutuko ditu: Donostiako Belodromoa, Barakaldoko BEC eta Iruñeko Nafarroa Arena, abenduaren 18an.

25 urteko bidea Txapelketa Nagusiko finaletan
Maialen Lujanbiok 46 urterekin kantatuko du bere zazpigarren finalean eta 25 daramatza finaletan. Bere final bakoitzetik gelditu zaion sentipena utzi du Bertsoa.eus-en. XXI. mendean Txapelketa Nagusian palmaresik onena duen bertsolaria da Lujanbio. Bost final, bi txapel, bi aldiz txapeldunorde eta hirugarren postu bat.

1997an hasi zuen bidea, 21 urterekin. Finaleko «zurrunbiloa» du ordutik gogoan. Finalista gazteena eta Txapelketa Nagusiko finalean sartu zen lehenbiziko emakumea izan zen.

2001an, 25 urterekin, buruz burukora iritsi zen, Egañaren batean. «Mugarri izan zen niretzat Nere aldera gehiago aldarrikatu nahi nituen eta ondo atera zitzaidan».

2005ean. BEC-eko lehenengo finalean zuzenean sailkatuta kantatu zuen, orduko araudiaren baitan. Bere txapelketarik «gogorrena» izan zela dio. Hirugarren postua eskuratu zuen.

2009an, BEC-en, bere lehenengo txapela etorri zen. «Konbentzimendua eta poza gelditu zaizkio ordutik. Lana ta Joan ta joan ta joan ta, azkenean, iritsi ta lortu» hori da dakarkidana.

2013an, buruz burukora iritsi zen, Amets Arzallusekin batean. «Kontra korronte» sentipena gelditu zaio. «Egindako lana gozoa eta, era berean betegarria gertatu zitzaidan».

2017an, bigarren txapela jantzi zuen. «Betetasun handiz eta poz handiz» gogoratzen du.

Txapelketaren gozoak eta gaziak: parte hartzaileen zorionak
Maialen Lujanbiok txapelketa honetako parte hartzaile guztiei zorionak eman nahi izan dizkie egindako lanagatik. Txapelketak gozotik eta gazitik duela aipatu du finalean sartu diren pozaz gain, bidean gelditu direnen bertsokideen arantza ere sentitzen dela esan du. Azpimarratu du finaleko zortzikoteaz gain, txapelketak erakutsi duela maila handiko bertsolari asko dagoela plazan eta plazan hori ere gozatzeko aukera izango dela aurrerantzean.

Albiste gehiago

larunbatean 21:00etan ETB1en 2024-10-31

Hitzetik Hortzera Mikele Arizkorretarekin

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-10-10

Hitzetik Hortzera: Txirrita eta lehen plaza