Beñat Iguaran Amondarain - tolosaldeko Harituz Bertsozale Taldea 2023-09-21

«Gazteei aukera eman eta adin ezberdinetako bertsolariez osatu ditugu Pello Errotako taldeak»

«Gazteei aukera eman eta adin ezberdinetako bertsolariez osatu ditugu Pello Errotako taldeak»
10 urte bete ditu aurten Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak eta hainbat ekitaldi antolatu ditu urteurrenaren baitan. Pello Errota Sariketaz gain, urrian jaialdia izango da eskualdean eta urte amaieran Bertso-zirkua Gure Zirkuko kideekin batera.

Ostiralean hasiko da Pello Errota Sariketa Tolosaldean Harituz Bertsozale Taldeak antolatuta. III. edizioa du eta aurtengoan Harituzen 10. urteurreneko ekitaldietan kokatuta dator. Beñat Iguaran Amondarain Harituzeko kideak azaldu ditu Bertsoa.eus-en sariketa honen eta urteurreneko ekitaldien nondik norakoak.

III. Pello Errota Sariketa hastera doa, Harituzen 10. urteurrenaren baitan kokatuta aurten. Zer da Pello Errota Sariketa eta nola dator aurtengo edizioa.
Pello Errota sariketa duela urte batzuk sortutako ekimena da bertsolari Asteasuarraren heriotzaren mendeurrena zela eta. Bi urtean behin antolatzeko erronkari heldu genion orduko hartan. Bigarren edizioan pandemiak datak eta formatua aldarazi bazizkigun ere, hirugarren edizio honetan jatorrizko eskemara itzuli garela esan daiteke.

Hamabi bertsolarik hartuko dute parte denera, sei bertsolariko bi kanporaketa izango dira bertso-afari giroan Berrobin eta Ikaztegietan eta saio bakoitzeko bi bertsolari onenek osatuko dute finaleko laukotea. Finala urriaren 20an izango da Asteasuko Iturriondo jatetxean, hau ere bertso-afari giroan.

Aurtengoan belaunaldiartekotasuna indartu nahi izan duzue…
Aurtengo edizioan belaunaldiartekotasunean jarri dugu begia. Bertso-eskolan dabiltzan gazte batzuk baditugu eskualdean plazarako jauzi horretan bertso gosez daudenak. Haiei aukera bat eman eta adin ezberdinetako bertsolariez osatu dugu taldea.

Horrek beti sortzen du ikusmina eta aurreko edizioetan bezalaxe, honetan ere bertsozaleen aldetik erantzun ona espero dugu.

Kanporaketetako mahai inguruak bertsozalez osatzen ari dira jada eta finalean 80 entzule baino gehiagorentzat tokia izango da.

Harituzen 10 urteko bide oparoa ospatzen ari zarete aurten eta ekitaldi sorta antolatzen. Nola doa orain artekoa?
Urte ederra ari da izaten aurtengoa eta antolatu ditugun ekimenek arrakasta polita izan dute. III. Pello Errota sariketaren atzetik bertso-jaialdi bat antolatzen ari gara eta urteari amaiera emateko bertso-zirkua ere antolatuko dugu Gure Zirkuko lagunekin batera.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri