Zutabea 2025-02-10
Malen Alzuart Aranburu
“Etenik ez dezan izan
harilkatutako sokak
gogora ekar ditzagun
Luzia Goñiren sortak
bere gibeletik datoz
gure ausardizko notak
aldarrikatuz bertsoa
bizitzeko modu motak”.
Lerro horiek kantatuz hasi genuen 2024ko Bardoen finala, Alazne. Zein goxo ateratzen garen zu bezalakoen eskutik plazara oholtzan ia deus aritu ez arren bertso mundua ikaragarri miresten eta segitzen dugunak. Garrantzitsua iruditzen zait bertsoa bizitzeko milaka modu daudela aldarrikatzea. Alabaina, beldur naiz hitz horiek ez daitezkeen gaizki konpreni: bai, bertsoa bizitzeko mila modu daude eta zilegi da jendaurrean kantatu nahi ez izatea, baina oholtzan egon nahi lukeen jende anitz ez da igatera ausartzen.
Bakarka eginen ez zenukeena (ez oraindik bederen) taldean egitera ausar zaitezen balio dute taldekako egitasmoek. Bertsotan aritzeko ezinbestekotzat ditut halako ingurune goxoak. Izan ere, batzuetan uste dugu ez dugula zer kontatu, ez dugula bertsoari zer eskaini, ez garela nor. Bardoek eta gisako ekimenek eraisten dituzte funtsik gabeko ideia suntsitzaile horiek guziak, kea bailiran hitzak zintzurretik beheiti bulkatuta itotzen gaituztenak. Uste dut azken txapelketan talde bakoitzak beretik eman duela, bakoitzak bere moduan izan duela zer erran, eta eskerrak. Izan ere, zintzurra, kritikotasuna eta samurtasuna baditugu, zergatik isildu?
Bidelagun izan ditudan Bardoei, besarkada handi bat. Ezin ederragoa izan da nola begiratu eta aditu dugun denok elkar: errespetuz, maitasunez, miresmenez. Hala, uste dut lehia gibelean utzi dugula garrantzitsuagoa eta eraginkorragoa iruditu zaigunari bide egiteko: begiruneari, alegia. Zaintza izan dugu lur eta oinarri, eta ongarria ona delarik aise loratzen gara denok, ez da hala?
Ipuin-kontaketan bezain fin aritzen da bertsotan lagun eta bertsokide dudan Amaia Elizagoien. Amaia, maiz elkartu gara Bardoen desenkusan Oronozko zure balkoian, eta izan dugu elkarri pozak eta minak kantatzeko tartea. Ipuinek kontatzea dute helburu. Eta bertsoak? Zer kontatzeko balio du bertsoak?
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-03-20
Martxoak 8 - Emakumearen Nazioarteko Eguna 2025-03-05