Sorta musikatuak 2025-04-29
Josune Aramendi bertsolari markinarrak Hitzari jarri dio sorta hamarreko txikian eta Manex Pagolak musikatuta kantatu ditu. Hona sorta egileak kantatuta.
Hitzari
1.
Bat mantendu daiteke
adi, ez hain adi
esanahi beregain bat
dakarren formari
norberak esanari
hark igorriari
izan sermoi luzea
izan bat ala bi
zuk ze pisu ematen
diozu hitzari? (bis)
2.
Hitza gurutzegraman
nahi duen sisteman
ez gaitezen itsutu
behin hasita teman
izan plazan, etxean
bertsotan, zineman
nork erabakitzen du
ladies and gentleman
hitza nori kendu ta
hitza nori eman? (bis)
3.
Elkarrizketan arau
da elkarbizitza
inposatzen den arte
zenbaiten glotisa
gailentzean belarri
gorren nagusitza
izan hitzontzia zein
hitzetan murritza
batzuk zergatik dute
beti azken hitza? (bis)
4.
Irain hitzak jasota
arian-arian
hitza eman zenuen
hurrengo aldian
“erantzun egingo dut,
altxatu agian”
baina osabak hitza
hartu ta abian
zer dela ta isildu
zara bazkarian? (bis)
5.
Zuenak ez zuela
inoiz hartuko su
hitzok jaten nor dabil
orain bera edo zu
deus ahoskatu gabe
ez joan diotsu
zuk hitz egoki bila
hainbeste esfortzu
baina esandakoan
min eman diozu. (bis)
6.
Asko hitz egin arren
telebistan, prentsan
zaila da hitzak bere
hortan iraun dezan
zerbait izatekotan
zerbaiten defentsan
nahiz ta jaunak ez duen
hitzik nire mezan
betirako isildu
edo orain esan. (bis)
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-03-20
Martxoak 8 - Emakumearen Nazioarteko Eguna 2025-03-05