Bat-batekoetan Aramaioko Marixeka, Aguraingo Sorginetxe, Gasteizko Kakiturri-Ehari eta Aiaraldeko Altubepekoak ariko dira finalaurrekoetan. Idatzizkoetan, berriz, Gasteizko Trikipòrru, Gasteizko Martin Ttipia, Aguraingo ostiral iluntzeetako Berbalagunak eta Aramaioko "Ai ene!" taldeek egin dute aurrera.
Bukatu da Arabako Kuadrilla Arteko Bertso Txapelketa. Lau saio jokatu dira asteburu honetan, eta erabakita gelditu da liga bakoitzetik ze taldek egingo duen aurrera.
Ostiralean hasi zen bertso-asteburua Araban. Gasteizen jokatu zen lehendabiziko saioa. Idatzikoen atalean Gasteizko Bikingoen, Gasteizko Martin Ttipiaren eta Amurrioko "Ai Zapotxin!" taldeen arteko dema izan zen saioa hasteko, eta azken hauek nagusitu ziren. Hala, beraiek ariko dira finalaurrekoetan.
Bat-batekoetan
Gasteiz-Aiaraldeko Ligako saioa egin zuten Eguzkilore eta Aiaraldeko Altubepekoak taldeek. Azken hauek gailendu ziren, eta finalerdietarako txartela lortu zuten.
Larunbatean beste hiru saio jokatu ziren. Oiongo "Ondalan" bodegan
Lautada-Arabako Errioxako ligako azkeneko saioa izan zen. Bertso jarrietan Arabar Errioxako "SanBi" eta Mendialdekoak aritu ziren kantuan. Lehendabizikoek eskualdeko euskararen historia kontatu zuten, eta bigarrenek, berriz, Toribio maltzurraren berri kantatu zuten bertsoz. Dena den, liga honetan aurrera egin duen taldea Aguraingo ostiral iluntzeetako Berbalagunena izan da.
Bat-batekoetan saioa hasterako erabakita zegoen liga honetan Aguraingo Sorginetxek egingo zuela aurrera. Dena den, giro beroa izan zen Arabako Errioxa eta Zalduondoko Zeledonen Seme-alabak taldeen arteko saioan. Azken hauek lortu zuten garaipena.
Gasteizko Aizkora tabernan
Gasteizko Ligako saioa jokatu zen. Bertso jarrien atalean Gasteizko Triki-Porru eta Añanako Bertso-Tailerra taldeak neurtu ziren, eta lehendabizikoek eskuratu zuten garaipena. Finalerdietan ere beraiek ariko dira.
Bat-bateko saioan Gasteizko Aizkorak Zorroztu eta Kakiturri-Ehari taldeek kantatu zuten. Azkeneko hauek eskuratu zuten finalerdietarako txartela.
Azkeneko saioa
Zuiako ligari zegokiona izan zen, eta aramaioarren arteko lehia izan zen atal guztietan. Bertso jarrietan Aramaioko "Ai Ene!" taldea eta Aramaioko Gazte Asanblada jardun ziren. Mozorroak jantzita eta musika lagun, umoretsu aritu ziren bi taldeak. Lehendabiziko taldea gailendu zen azkenean epaileen iritziz.
Bat-batekoetan Aramaioko Marixeka eta Aramaioko Izarrak taldeak aritu ziren. Lehendabizikoek eskuratu zuten garaipena, eta baita aurrera egiteko txartela ere.
Hala, finalerdiak ere osatuta gelditu dira asteburuko puntuazioak jaso ondoren. Martxoaren 10ean Zigoitiko Kultur Etxean izango da lehendabizikoa. Idatzikoetan Martin Ttipia eta Triki-porru taldeak ariko dira. Bat-batekoetan, berriz, Aiaraldeko-Altubepekoak eta Gasteizko Kakiturri-Ehari.
Bigarren saioa hurrengo egunean jokatuko da, igandez, Aiarako zineman. Idatzikoetan Aramaioko "Ai ene!" eta Aguraingo ostiral iluntzeetako Berbalagunak jardungo dira. Bat-batekoetan Aguraingo Sorginetxe eta Aramaioko Marixeka taldeek kantatuko dute.
Finala martxoaren 24an jokatuko da, Aramaioko kiroldegian.
Informazio gehiago nahi izanez gero egin klik
hemen.