Juan Kruz Igerabide, Jaime Altuna eta Pello Añorga izan dira hizlari lehenengo egunean. 30 bat lagunek hartu dute parte.
Atzo hasi ziren "Ahoa Bete Hots" jardunaldiak Villabonako Subijana Etxean. Aurten laugarrenez antolatu ditu jardunaldiok Mintzola Ahozko lantegiak eta gozamenetik ahozkotasuna nola landu aztertuko dute hiru egunez. Lehendabiziko egunean 30 bat lagun bertaratu ziren hitzaldiak jarraitzera. Hizlari lanetan Juan Kruz Igerabide, Jaime Altuna eta Pello Añorga aritu ziren.
Juan Kruz Igerabide: "Giza izaeraren muinean dago jolasa" Jolasen inguruko azalpenarekin hasi zuen eguna Juan Kruz Igerabidek, izenburu argiarekin: "Existentzia jolasa da". Jolasa Kaosaren eta Kosmosaren artean dagoena dela esanez abiatu zuen hitzaldia, eta existentzia bera ere kontrarioen jolasa dela. Behin jolasa kokatu ondoren, haurren jolasetara egin zuen jauzi, eta azaldu zuen haurrek pentsamendu magikoa garatzen dutela lehenik eta pentsamendu zientifikoa garatu arteko prozesua luzea dela. Hor kokatzen da jolasa: "jolas sinbolikoa ez da haurrak egiten duen errealitatearen antzerkia solik; errealitatearekiko harremana bera da sinbolikoa".
Hitzaren jolasak bereziki komunikazio emozionalari erantzuten diola azaldu zuen Juan Kruz Igerabidek. Hala, sehaska kantak haurraren garapen existentzialarentzat oinarrizkoak direlakoan dago. Azken finean, sehaska kanta lasaigarriak eta suspergarriak daude, unean uneko beharrei erantzuteko. Dena den, euskaraz herri tradizio aberatsa eduki arren jolaserako gonbidapena egin zuen Juan Kruz Igerabidek: "tradizioa ez da hitzez hitz hartu behar".
Haurraren lehenengo jolasen ondoren gorputzaren kontzientzia-hartze bat iristen da, eta jolasei gorputzarekin laguntzen zaie, hitza erabiltzeaz gain. Ipuin zantzuak agertzen dira, etorkizunerako iragarkizun izango direnak. "Harrigarria da haurrek nola barneratzen dituzten. 3-4 urterekin galdera existentzial oso sakonak egiten dituzte eta ipuin-poesiarekin erantzuten zaie".
Igarkizunak lantzen eta aztertzen urte askoko esperientzia dauka Juan Kruz Igerabidek. Azaldu zuenez, igarkizuna mundu magikotik zientifikorako oso zubi garrantzitsua da. Hitzaldia bukatzeko, igarkizunak sortzeko zenbait gomendio eman zizkien bertaratu zirenei.
Jaime Altuna: "Hizkuntza mugagabeko jostailua da" Gipuzkoako Urtxintxa Aisialdi Eskolan aisialdia, jolasa eta hizkuntza uztartzen ditu Jaime Altunak eta Juan Kruz Igerabidek jarritako bideari segi zion. Jolas eta jostailu bikoan, hitza jolas izan daitekeela azaldu zuen, eta hizkuntza jostailu. Bere iritziz, hitzen lilura jolasaren bidez transmiti daiteke, irrealtasun kontzientzia moduko bat pasatuz. Hori tresna egokia izan daiteke hizkuntza normalizaziorako ere, hizkuntzaren erabilera baitakar jolasak. Hala, hitzaldiaren bukaera aldera azaldu zuenez, ariketa interesgarria da haurrekin igarkizunak sortzea, gaitasun handia baitaukate.
Jolasaren zazpi ezaugarriak zerrendatu zituen: askea da, bereizia da, arautua da, ez-produktiboa da, zorizkoa da, atsegina da eta irudizkoa da (sinbolikoa, alegia). Gainera, Johan Huizingaren definizioa ere ekarri zuen bere hitzaldira: "jolasa kulturatik ez, kultura sortzen da jolasetik".
Pello Añorga: "Jolasak zubi-lana dira kontaketan tentsioa sortzeko" Performance batekin etorri zen Pello Añorga "Kontaketaren erritmoan: jolasean elkarrekin" saiora. Unean uneko elementuak eta hitzaldira ekarritakoak uztartuz osatu zuen ipuin-kontaketa, entzuleen gozamenerako. Azaldu zuenez, jolasak garrantzia handia dauka ipuin-kontaketan, tentsioa sortzeko lagungarri izan baitaiteke, eta baita erritmoa markatzeko ere.
Behin hitzaldiak amaituta, mahai-ingurua egin zuten hiru hizlariek. Nerabeen inguruan aritu ziren nagusiki, haurren eta nerabeen artean ipuin-kontaketak eta jolasak lantzeko dauden aldeen jakitun.