POTOKASTAK - BERTSO UHINAK 2020-05-11

"Akaroei alergia badiezue, lasai, Azpeitiko ganbaran ez dago itotzeko adina hautsik"

Hautsa pixkat bat harrotzera besterik ez gatoz. Nahi baduzue igo ganbarara edo sar zaitezte trastelekuan. Gu ere hemen gaude, Azpeiti aldeko konbentu bateko ganbaran. Ezin da asmatu nora zaramatzaten uhinek.

Azpeitiko herri sarreran dagoen konbentura etorri gara. Hamar lagun bizi dira hemen eta gaur. Bi trasteleku daude etxe honetan: lehenengoa sarri erabiltzen dutena, elikagaien biltegia; bigarrena, geroan beharko omen diren gauzen ganbara dena. Ez gara sarri halako txokoetara sartzen ez bada zerbaiten bila, ez bada zerbait uztera, baina egote hutsera eta solasera sartuko gara gaur Jon Gurrutxagarekin. 

Jon Gurrutxaga

14 urterekin hasi zen bertsotan Jon Gurrutxaga ikastetxean eta, ondoren, Erniarraitz bailarako bertso-eskolan jarraitu zuen kantuan. Ikasle garaian, Bilbon, Santutxuko bertso-eskolan aritu zen, eta herrira bueltatu zenetik ostegunero biltzen dira Erniarraitz bertso-eskolako lagunak bertsotan egiteko. Kirola, idaztea, kantatzea eta lagunartea gustuko ditu Jonek, baita hitzarekin jolastea ere: komunikazioan erretorika pixuzko kontua dela dio eta zeresana daukan batek nola esan asmatzen badu indar bikoitza eman diezaiokela esan nahi duen horri.

Sabaitik zintzilik dagoen bonbillatxoa

Sabaitik zintzilik dagoen bonbillatxoa bi bueltaz estutu eta argi horixka honetan ikus daiteke ganbarek badutela zerbait. Nostalgia, ahanztura eta kaja-furte bat dira aldi berean. Ganbaretan gorde izan dira uzta edo babarrun eta dilista latak… baserrietako ganbara erraldoiek badute euren xarma, historia eta oroimena... eta lau pisutako hiriko bloke eta etxeetako ganbara txikiak lantegi bihurtu daitezke: marrazkilarien, jubilatuen, arotzen, jostunen eta klase partikularrak ematen dituztenen laborategi. Zuenak nolakoak dira?

Jonek bertso batean egin digu ganbarako ongi-etorria:

Trasteleku bat bada etxean

baina nahikoa orden ez

lau mahai, hiru armairu ta bi

mesanotxe gutxienez

nik neuk askotan ez dut zabaldu

ikaratia naizenez

baina soinuak entzuten dira

ta kondairak dioenez

hor bizi da Diogenes.

Bonbillaren epelean gai-jartzen aritu gara. Imajinatu: gaur zure gurasoen ganbara zaharra hustea tokatu zaizu. Haiek ez dira jada halakorik egiteko gai, eta zu zabiltza haiek zaintzen. Beraz, ganbarara igo eta hasi zara kutxak irekitzen, lan handia dago aurretik… baina geroz eta kaxa gehiago ireki, geroz eta harrituago zaude… uste ez zenituenak agertzen hasi dira. Beste norbaiten ganbara dela dirudi. Zer eta nola kantatuko zenioke gai honi?

Alboratu-bai-baina-bota-nahi-ez ditugunak

Ganbarak dira, beharbada, alboratu-bai-baina-bota-nahi-ez ditugunak gordetzeko espazioak. Izan maletak, argazkiak, liburuak, jostailuak, mozorroak, ski pareak, kañaberak… Dena kartoizko kaxa marroien babespean kolorea galdu arte. Hor bizi da Diogenes, hala da. Diogenes sindromearen antiterapia dira ganbarak. Askotan ahaztu ere egiten zaigu zer dagoen bertan. Urte guzti hauetan bertako objektuei inongo jaramonik egin ez eta, hala ere, zergatik gara haiek galtzeko beldur?

Ganbarak ere gordeleku eta ezkutalekuak izan daitezke; garai batean pertsonak ere ezkutatu baitzituzten ganbara ilunetan. Histeriaz diagnostikatutako emakumeak, down sindromedunak, iheslari zebiltzanak... Eta gaur egun… auskalo. Nor dago benetan ganbaratik jota?  

Jonen gogoeta eta bertso batekin eman diogu gaurko Potokastari merezitako amaiera. Horrela agurtuko gara, eskerrik asko ganbara honetatik zuen ganbara gutzietara. Hurrengo uhin-sortara arte! Zaindu!

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri