'Emakumeen Haria' ekimena Amasa-Villabonan ekainaren 7an 2024-05-30
Emakumeen Haria bertso saio tematikoa egingo da Amasa-Villabonan ekainaren 7an Subijana Etxea ohial fabrika izandakoa gogoan. Bertsolaritza ikuspegitik, alderdi historikoak ere izango du presentzia jaialdian eta alderdi historiko horretan kokatzen da fabrikak bertso ekoizpen eta transmisio gune ere izan direla historiako zenbait garaitan.
XIX. mendean lantegietan bertsotan egiten zen, Bidasoaz bi aldetan. Bertsotan egin eta bertsolaritza transmititu. Lore Jokoetako txapeldunak, esaterako, espartin fabrikan aritzen ziren bertsotan.
Xenpelartarrak Erreneteriako Fabrika Handian
Errenteriako Fabrika Handian (lihoaz oihala egiten zen fabrikan), bertsotan aritzen ziren Xenpelar neba-arrebak: Juan Frantzisko Petriarena (1835-1869) eta Maria Luisa Petriarena (1833-1869). Halaxe jaso zuen Antonio Zavalak: «Behin baino geiagotan jardun izan omen ziran bertsotan anai-arreba hauek. Errenteriko Fabrika Aundian lan egiten zuten. Behin batez, nagusiak Andoaiña bialdu zituan eginkizun batera. An alkarri bertsoak kantatzen aritu omen ziran, eta bertako jendea zoratzen aiei entzuten». (Errenteria’ko bertsolari zaarrak, 214 orria)
Juan Frantzisko Xenpelar eta Bizente Retegi Musarro (1838-1919) bertsolariek fabrikan izan zuten xextra ere, gaurko belaunaldiek buruz ezagutzen dute, doinuaren ikur bihurtzeraino: Aizak hi mutil mainontzi…
Halaxe jaso zuen Antonio Zavalak:
«Musarro ta Xenpelar fabrika aundiko langilleak omen ziran, euleak; Musarro, langille utsa, ta Xenpelar, enkargatua. Biak oso lagunak omen ziran. Fabrika aundian, erretzea debekaturik zegoan. Musarro, ordea, erretzale purrukatua izaki. Ainbeste ordu erre gabe ezin egonik, komunera joan ta antxen erretzen zuan. Xenpelarrek, ordea, zer zebillen igerri zion, ta, enkargatua baitzan, zerbait esan bearrean arkitu zan. Ala, egun batez, Musarro oi bezela komunean pipa erretzen ari zala, joan ta bertsoa bota zion. Bai Musarrok erantzun ere. Orrela kontatu izan oi da beti pasadizoa. Bañan fabrika aundiko liburuetan Xenpelar, Musarro bezela, eule utsa ageri da; ezta esaten enkargatua zanik. Onek esan nai du, benetan ez, bañan txantxetan asi zitzaiola bertso botatzen». (Xenpelar bertsolaria, 139 orria).
Joxepantoni bere buruarekin ofiziotan
Gaur egun ere tarteka egiten da eta duela ez urte asko berrikuntza izan zen bertsolari bat bi mikrotatik bi pertsonaia gorpuztuz kantari jartzea. Joxepantonik duela 100 pasa egin zuen hori Errenteriako Fabrika Handian. Joxepa Anttoni Aranberri Petrirena Xenpelar (1865-1953) bertsolaria ere, bere ama Maria Luisa zena bezalaxe, Errenteriako Fabrika Handian aritu zen lanean, jostundegiko lanaz uztartuz, eta amak bezalaxe lantokian bertsotan bat-batean jarduten zuen. Fabrikan bat-batean lankideei botatako bertsoak jasota daude. (Errenteria’ko bertsolari zaarrak, 268 orria). Joxepa Anttonik azken hogei urteak itsu pasa zituen, baina pertsonen itzalak ikusteko gai izanik, fabrikan lanean jarraitu zuen urte askoan, nagusiak ere hala nahi zuelako: Joxepa Antoni kontramaetrea baitzen.
Aña Etxearai eta Mariana Hargain, Lore Jokoetako txapeldunak
Plaza beteren aurrean sariketak irabazi zituzten bertsolariak ere lantegietan hasi edo egin zuten beren bertso bidearen zati bat. Hori da Aña Etxegarai (1873-1939) Lekorneko bertsolaria eta Mariana Hargain Kanboko bertsolariaren kasua. Garaiko bikote artistiko arrakastatsu izan ziren biak plazaz plaza. Aña Etxegarairen kasuan, jasota dagoenez, espartin fabrikan ikasi zuen bertsotan, fabrikan lagun egin zuen Mariana Hargain (1860-1925) Kanboko bertsolariarekin (10 urte zaharragoa zena). Biek ala biek, Lore Jokoak irabazi zituzten gizonekin bat-batean lehiatuta, eta elkarrekin plazan jardun zuten.
Mariana Hargainek bi aldiz irabazi zituen eta beste hirutan ere lortu zituen sariak. Ezpeletako bertsolaria 20 ingururekin hasi eta 47 kantari jarraitzen zuen. Adin horretan 3. saria irabazi zuen Kanboko Lore Jokoetan. Hortik aurrerako erreferentziarik ez dugu aurkitu. Beraz, plazan (gutxienez) 30 urte bueltako bertso bidea egin zuen Hargainek.
Aña Etxegaraik 21 urterekin irabazi zituen Lore Jokoak Harparnen, 1894. Bi urte barru hirugarren saria lortu zuen. Ez dugu aurkitu bere bertso bidearen beste erreferentziarik. Aña Etxegarai eskolatua zen eta sei seme-alabaren ama.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24