Jon Martin: "Beira proiektua asmo bat da idatzizko bertsoei beste aterabide bat emateko"
Joan zen urtean kaleratu zuen "Beira" taldeak lehenengo diskoa. Azaldu duenez, besteak beste dezimagintzarekiko "osbesio txiki batek" bultzatu zuen idatzizko sortetan sakontzera. Taldeak "ibilbide bat" egin duelakoan dago: bikote bezala hasi zena boskote bihurtu da.
Urtebete da jada Jon Martin bertsolariak idatzitako bertsoetan oinarrituta "Beira" taldea sortu zenetik. Hasierako asmoa ere horixe dela azaldu du Jon Martinek: idatzizko bertsoei aterabide bat ematea: "bat-bateko bertsogintzan egin nahi baina egin ezin nituen gauza askori aterabidea emateko proiektu bat da".
Eta, zer da bada bat-batean nahi bezala egin ezin duen hori? "atetik badago nire obsesio txiki bat: dezimagintzarekin liluratu nintzen duela urte asko eta bat-batera eraman banuen nire dezimagintza iruditzen zait oraindik belarria egin gabe daukala entzuleak dezimagintzari dagokionez, eta nire gaitasun teknikoak ere mugatuagoak direla. Dezima horiekin abestiak egiteko saiakera dago. Bestetik doinuen sorkuntza ere badago hor atzean, bat-baterako hain egokiak ez direnak oraingoz baina gero balio dezaketenak. Eta, azkenik, lagunarte bat dago: Igor Arruabarrena eta biok hamabost eguneko aldea daukagu, txikitako lagunak gara eta badaukagu konexio bat. Bera oso musikazalea da, ni oso bertsozalea, eta bakoitzak bere esparruan daukaguna gehituz nik uste gauza borobil xamarra ateratzen dela".
Bikotetik boskotera
Dena den, taldearen ibilbideak bilakaera bat izan du urteotan. 2006an atera zuten lehenengo kanta, artean Jon Martin eta Igor Arruabarrena bezala. "Lehengo urtean egoskortu egin ginen eta esan genuen kantuak bildu eta diskoa grabatu behar genuela. Uztailean grabatu genuen diskoa eta urrian egin genuen aurkezpen prentsaurrekoa. Egun hartan nik nire bertso ibilbidea esplikatzeko bertsolari batzuk gonbidatu nituen eta berak, bere musika ibilbidea esplikatzeko, bere talde ohia gonbidatu zuen. Kontua da bere talde ohiarekin kontzertu bat egiteko entsaiatu eta entzun ondoren nola sonatzen zuen horrek pena eman zigula kontzertu bakar horretara mugatzeak. Konturatu gara emaitza askoz potenteagoa dela bikote hutsa izanda baino. Geroztik Igorren anaiak jotzen du bateria, Mikel Arruabarrenak; Urtzi Olaziregi da bajista eta Gari Amondarain da gitarra-jolea". Horrek soinuan aldaketak eragin ditu, hasierakoa, "nahiz eta Igorrek gitarrak pista desberdinetan grabatu" bikote bat baitzen. Hori da diskoan bildua dagoena. "Orain entsaiatzen dugu eta bateria daukagu, bajua... Soinua asko aldatu da. Askoz ere martxosoago bihurtu da eta kontzertuetan ere prozesu bat egon da: askoz errepertorio alaiago bat daukagu orain egunerokotasuneko gaiei ere bertsoak jartzen dizkiegulako".
Soinuak gaietan edo gaiek soinuan eragin dute, nonbait, eta gaietan ere izan dute bilakaera: ""Dena ez denean ezer" da diskoari izena ematen dion kantua eta tematikoki ere nik uste oso ondo laburtzen duela zer den: maitasunezko kantuak dira hamarretik zortzi edo zazpi. Apropos elkartu ditugu. Nire berezko joera bat da maitasunezko bertsoak idaztea, ez da kasualitatea. Baina kanpoan geratu dira kantu batzuk maitasunarekin hain lotuta ez zeudenak eta egon zitezkeenak gure gustuz, baina koherentzia bat emateko asmotan edo hamarreko pakete hau osatu genuen. Eta islatzen duena da nire 2005etik 2012ra arteko joera. Maitasunari eta maitasun gora-beherei lotutako bertsoak idaztetik gauza psikologiko-sozialagoetara hurbildu naiz. Diskoaren beharra ere horrek markatzen zuen: pack bat egin, itxi, eta hurrengo diskorako gauza berriagoak eta beste norabide batetik abiatzen zirenak egitea".
Bigarren diskoa bidean
Beraz, "Beira" proiektua ez da disko bakarrean geratuko: lehenengoarekin emanaldiak egiten ari badira ere bigarrena bidean dator. Beraz, nahiko fase "zailean" daudela dio Jon Martinek: "Oso zaila da ze kanta kanpoan utzi erabakitzea. Oraingoz kanta bat daukagu estudioan grabatua, eta datozen asteetan grabatuko ditugu beste hiru. Gero erabaki bat hartu beharko dugu pixka bat estutu eta aurten bukatu diskoa edo lasaiago hartu eta datorren urtean ekarri. Kantuak sortuta daude, beste dozena bat baditugu. Baina asko aldatu da gure kantak bukatutzat emateko denbora. Lehen Igorri eta niri eskatzen baziguten kantatzeko sortu eta joan egiten ginen. Eta orain musikako diziplina ezagutu dut: astero-astero geratzen gara entsaiatzeko, gitarra bat baino gehiago edukitzeak ere zaildu egiten du beraiek ere ados jarri behar dutelako... Kantak landuagoak dira eta lan gehiago daukate grabatzen eta publiko aurrean defendatzen".
Kolore askotako kontzertua
Gaietan eta musikan izan dute ibilbide bat, bilakaera bat, eta emanaldietan ere bilakaera hori islatzen delakoan dago Jon Martin: "Kontzertua hasten da "Dena ez denean ezer" diskoaren kolorearekin, nahiko urdin, baina hor badago haustura bat eta hortik aurrera hasten gara nahasten kanta zaharrak, melankonia kutsu hori daukatenak, parodia diren kantekin, hain melankonikoak ez diren bigarren diskoko kantuekin... Eta saiatzen gara kontzertua emango dugun lekurako propio sortutako kantak ematen. Azkeneko kontzertua, Eibarren, Gure Esku Dago-ren bezperan zen eta oso pertinentea zen. Aritxulegiri buruzko sorta bat estrenatzen genuen, Erregeari buruzko bat ere bai baina abdikatu zuenez beste buelta bat eman genion... Beste talde askorengandik ezberdintzen gaituena hori da: guk letrei eman diezaiekegula beste buelta bat nahi dugunero".
Eta, nola eskura daiteke diskoa? 5 eurotan jarri zituzten salgai bere garaian 500 alerekin, baina dozena bat soilik geratzen omen zaie. Hemendik aurrera berri batzuk eskatzekotan dira, "gutxi batzuk". Izan ere, bigarren diskoan ere hori baitute asmoa: "gutxi batzuk aterako ditugu eta kontzertuetan saltzea da gure intentzioa. Gure kontzertua entzun duenak badaki gustatu zaion edo ez eta hori bere kotxerako nahi duen edo ez. Dena den, guk kantak egin ahala interneten jartzen ditugu, gure helburua ez delako diskoak saltzea, baizik eta ahalik eta jende gehienak edukitzea kanta horiek. Beraz jo dezake www.beirataldea.wordpress.com atarira, eta hor joaten gara eguneratzen".