POTOKASTAK - BERTSO UHINAK 2020-05-04

"Ene etxeko plateretan denetarik bada. Puzzle handi bat".

Izpurara heldu dira uhinak, larre zabal eta lasaietara. Elixen baserri inguruan ari gara solasean eta mahastiak hor parean. Uhinei tiraka, antena sintonizatuta, hemen geratuko gara gaur. Etxe atari zabalean. Etorri nahi?

Etxe atari honetatik etxe-barrua ikus daiteke irekita dagoen leihotik. “Hori sukaldea da” esan du Elixek. Leiho bazterrean dagoen xukaderak berretsi du hori. Platerak lehortzen jarri dituzte bertan. Eta kontu-kontari hasi gara, zertaz eta baxeraz…

Elixabet Etxandi

Donibane-Garazi ondoko herri batean, Izpuran, bizi da Elixabet Etxandi. Garaziko ikastolan ezagutu zuen bertsoa eta Larzabaleko bertso-eskolan hasi zen hamairu urterekin. Orain artean bertsotan egindako harremanei eta kideen elkar zaintzari esker jarraitzen du egun kantuan. Rapa ere maite duela aitortu digu eta txapelketak ez omen dituela oso begiko. 

Baxeraren hariari tiraka bertsotan

Segituan hasi gara baxeraren hariari tiraka bertsotan. Hauxe da jarri diogun gaia: "Elix jatetxe bateko zerbitzaria zara. Bezero ugari dituzue egunero eta oro har ederki moldatzen zara lanean; baina arazo bakarra duzu. Tok edo mania geldiezin bat duzu baxera konjuntoan eta zuzen jartzeko. Mahai-tresna bakoitza dagokion leku eta ordenean jartzen duzu etengabe, plateretan eta edalontzietan agertzen den jatetxeko logoa ere beti zuzen egon behar da. Hori hala izan ezean asko urduritzen zara. Bezeroa jaten ari den bitartean ere gai zara haren baxera zuzentzeko eta zure burua kontrolatzeko metodoen bila hasi zara". Umoretik jotzea erabaki du Elixek... Baina zer otu ote zaio?

Pentsatzen jarri gara gero, baxera gora, baxera behera:

"Haurren plateren fondoan edo helduen kikaren hondarretan marrazkiak egon ohi dira janaria zein edaria bukatzen goazen bitartean marrazki hori ikusten joateko, eta gehiago edo azkarrago jatera motibatzeko. Era berean, plateren koloreek eragina dute jateko gogoan: plater zuri batean gutxiago jaten da, kolore biziko plater batean baino". Zer iradokitzen dizuete halako trikimailuek? Zure ustez, Elix, zer da teknika ala tranpa? 

Plater pila lurrera erori zaizu, baina (ze demontre!) poztu egin zara

Haize ufada txiki batek itxi du sukaldeko leihoa eta uhinak hasi dira antenatik pixkanaka desintonizatzen. Platerak lehortu dira dagoeneko. Azken gai bat jartzeko parada izan dugu hala ere: plater pila lurrera erori zaizu, baina (ze demontre!) poztu egin zara. 

Gaurkoz hemen utzi dugu Izpurako etxe atari zabaleko solasa. Kontu-kontari aritu garen tarte honengatik eskerrik asko Elix eta uhinez bestaldeko zuei ere mila esker. Zaindu zaitezte!

Hurrengo Potokastera arte!

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri