Bertsolari Txapelketa nagusiko bertsoaldi historikoak 2017-08-11

Barakaldorako jauzia

Lehenengo aldiz BEC aretoan egin zen 2005eko finala. Maila handiko finala izan zen hasiera-hasieratik. Maialen Lujanbiok eta Unai Iturriagak ariketa ederra egin zuten zortziko handian, finala hasteko.

 Udazkenean hasiko da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Bien bitartean, motorrak berotze aldera, 1986tik hona jokatutako finaletako bertsoaldirik onenak ari gara errekuperatzen Bertsoa.eus-en.

 Barakaldon lehenengo finala 2005ean

 Manu Chaoren doinuan agurtu zuen 2001eko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala Igor Elortzak, honako esaldi hauekin: “...Andoni eta Maialen / mila zorion dena den / ea bi mila eta bostean / berriz hemen batzen garen”. Belodromoan kantatu zuten orduko hartan, eta aldaketa nabarmen batekin iritsi zen 2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusia: Barakaldon jokatuko zen finala, BEC aretoan. Txapelketarentzat jauzi bat izan zen, 13 000 lagun elkartu baitziren finalean, giro ederrean.

 Andoni Egañaren azkeneko txapela

 2001eko finalean aritutako zazpi bertsolari sailkatu ziren 2005eko finalera ere: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Unai Iturriaga eta Igor Elortza. Amets Arzallusentzat lehenengo finala izan zen 2005eko hura, lau urte lehenago finalaren atarian geratu ondoren. Andoni Egañak bere laugarren txapela lortu zuen 2005ean, Unai Iturriagarekin buruz burukoa jokatu ondoren.

 Finalari hasiera dotorea

 Maila handiko finala izan zen 2005ekoa. Hasiera-hasieratik nabarmen geratu zen hori. Unai Iturriagak eta Maialen Lujanbiok zortziko handian finala hasteko egindako ariketa ekarri dugu horren lekuko. Hiru ume txikiren gurasoen paperetik aritu ziren. Aspaldian elkarrekin lasai egoteko aukerarik izan gabeak ziren, baina azkenean lortu zuten intimitate pixka bat. Maialen Lujanbiok lehenengo bertso gogoangarri batekin ekin zion finalari, "hiru" hitzarekin jolas ederra osatuz: "Ez da bat eta ezta bi ere / hiru, ta hiru da hiru / hiru neke ta hiru lan karga / bider hiru, zenbat diru?". Txirritak Canovasen emazteari jarritako bertsoekin gogoratuko zen bat baino gehiago: "hiru reloju, hiruna kate / hiru mailakin bakoitza...". Baina maila ederrean erantzun zion Unai Iturriagak ere, ariketa horretan atera baitzuen final hartan hain ezagun egingo zen "ejem" esamoldea.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa