Bertsolari Txapelketa nagusiko bertsoaldi historikoak 2017-08-18

Unai Iturriagaren urtebetetzea

Andoni Egañarekin buruz burukoa jokatu zuen Unai Iturriagak 2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. Arratsaldeko saioan bakarkako gogoangarria osatu zuen.

 Udazkenean hasiko da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Bien bitartean, motorrak berotze aldera, 1986tik hona jokatutako finaletako bertsoaldirik onenak ari gara errekuperatzen Bertsoa.eus-en.

 Andoni Egañaren laugarren txapela

 2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusian jada egonkortzen hasia zen finaleko zortzikotea. Seigarren finala zuen Andoni Egañak; laugarrena Unai Iturriagak; hirugarrena Maialen Lujanbiok eta Jon Maiak eta bigarrena Igor Elortzak, Aitor Mendiluzek eta Sustrai Colinak. Amets Arzallus zen finalean estreinekoz kantatu zuen bertsolari bakarra. Andoni Egañak laugarren txapela jantzi zuen Barakaldon jokatu zen lehenengo final hartan.

 Unai Iturriagaren ateraldiak

 Goizeko saiotik oso goitik ari zen Unai Iturriaga. Joan zen astean berreskuratu genuen bertsoaldian erabilitako "ejem" esamoldeak zeresan ugari eman zuen finala bukatutakoan. “Egun osoko ateraldirik ederrena” moduan sailkatu zuen Joxerra Garziak final osteko kronikan. Estitxu Eizagirrek ere erreferentzia egin zion ARGIA-ko kronikan: "Iturriagak, ejem, gozatuz gozarazi zuen goiz eta arratsalde". Egindako saioak saria jaso zuen, buruz burukoa jokatu baitzuen Andoni Egañarekin batera.

 Urtebetetze bakartia

 Gaurkoan Unai Iturriagak arratsaldean egindako bakarkakoa berreskuratu dugu. Honako gai hau egokitu zitzaion: "Urtebetetze eguna duzu gaur. Eguna aurrera doa, eta oraindik ez zaitu inork zoriondu". Estitxu Eizagirrek honela aurkeztu zuen bakarkako lan hau ARGIA-ko kronikan: "inork gutxik egiten dakiena berak bakarrik egiten duen moduan biribildu zuen, urtebetetze egunaren gaian: pertsonaia patetiko bat sortu eta lehen pertsonan kantatuz agerian uztea pertsonaia horren absurdotasuna”.

Albiste gehiago

EHBT26 2026-10-10

Xabat Illarregi, Gotaineko gorabeherei bertsoz bertso eutsiz

Igotz Alkorta Irastortza

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza