"Bertsolaritza genero ikuspegitik" ikastaroa 2018-06-28
"Bertsolaritza genero ikuspegitik" jardunaldiak egin ziren ekainaren 25ean eta 26an Iruñeko Katakraken, Udako Euskal Unibertsitateko udako ikastaroen baitan. Bi egunez, astindu ederra izan zuten bertan bildutakoek.
12 Hitzaldi
Egitarau trinko eta edukiz betea izan zuten jardunaldiek. Karine Etxeberrik, Elixabete Perezek, Edur Epeldek eta Miren Arangurenek, Ixiar Eizagirrek, Maialen Lujanbiok, Uxue Alberdik eta Mari Luz Estebanek eman zituzten ekainaren 25eko hitzaldiak. Goizean, Karine Etxeberrik bertsolaritzan emakumeek izandako partehartzeak historian zehar izandako bilakaera aztertu eta Elixabete Perezek Joxepa Anttoni Aranberri "Xenpelar" bertsolariaren kasua azaldu ondoren, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren eboluzioaren testuingurua azaldu zuten Miren Arangurenek eta Edur Epeldek. Bazkalostean, berriz, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Genero taldeak egindako ibilbidea aztertu zuen Ixiar Eizagirrek hasteko. Maialen Lujanbiok plazan izan dituen sentipenetatik abiatuta, aurrera begiratzeko gakoak eman zituen, bai bertsogintzaren jardunetik eta baita mugimendu ikuspegitik ere. Uxue Alberdik, berriz, emakume bertsolari askoren testigantzak bildu eta plazaratu zituen, emakume gorputzen gainean egiten den irakurketak sorkuntzarako uzten duen mugimendu-marjin estuaren berri emateko. Mari Luz Estebanek, eguna borobiltzeko, ikuspegi feminista batetik aztertu zituen aurreko hizlariek emandako gakoak, eta egunean zehar entzundako hitzaldiak lotu zituen distantzia handiagoko begirada batetik.
Bezperako astinduaren ondoren, gai zehatzagoen inguruan jardun ziren ekainaren 26ko hizlariak. Jone Miren Hernandezek bertsolaritzan ahotsak duen garrantzia azpimarratu zuen. Oihana Iguaranek hedabideetan emakume bertsolarien garaipenak izan duen isla azaldu zuen, baina baita emakumeen presentzia plazan nola errepresentatzen den ere. Ane Labakak bertsolaritzan garatutako umoreen inguruko gakoak emateaz gain, aurrera begira umoretik abiatuta genero-sisteman zirrikituak zabaltzeko aukeren berri eman zuen. Maite Berriozabal, berriz, Bertsolari Txapelketa Nagusiko gai-jartzaile taldeko kide izanik, gaietan genero ikuspegiak duen presentziaz, emandako aurrerapausuez eta aurkitu dituen hutsuneez aritu zen. Mariñe Arbeok eta Malen Amenabarrek, berriz, "Beti Bezperako Koplak" ikus-entzunezko lanaren inguruko xehetasunak eman zituzten. Maialen Lujanbioren bertso sorta batetik abiatutako lana da aipatutakoa.
Mahai-inguru eta bakarrizketak
Hitzaldiez gain, bi mahai-inguru ere izan zituzten jardunaldiek. Lehendabiziko egunean Kristina Mardaras, Estitxu Arozena eta Arantzazu Loidi aritu ziren, Nerea Ibarzabal gidari zutela, plazan izandako esperientzien eta sentipenen berri ematen.
Bigarren egunean, berriz, beste kultur diziplina batzuetan emakumeek bizi duten egoeraz aritu ziren Iratxe Retolaza literatura aztergai hartuta, Miren Gaztañaga antzerkitik eta Leire Lopez musikatik. Kattalin Miner izan zuten moderatzaile.
Eta bi egunak borobiltzeko, Beatriz Egizabalek bakarrizketak egin zituen, hizlarien hitzaldietako hari-muturretatik abiatuta entzuleak algaran jartzeko.
Saio musikatua bukatzeko
Jardunaldiak bukatzeko, "Ez da kasualitatea" bertso-saio musikatua izan zen. Danele Sarriugarte gai-jartzaile zela bertsotan aritu ziren Miren Amuriza, Saioa Alkaiza, Maider Arregi eta Nerea Elustondo. Ixak Arruti eta Gari Otamendi jardun ziren musikari lanetan.
Laburpenak laster sarean
Bertsoa.eus-eko kamara jardunaldietan izan zen, eta datozen egunetan hizlariei egindako elkarrizketa laburrak jarriko ditugu sarean.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24