Bertsolari Txapelketa nagusiko bertsoaldi historikoak 2017-09-08

Maialen Lujanbio Andoni Egañari giltzurruna ematen

2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean, sei puntuko motzeko ariketan, elkarrekin aritu ziren aurreko lau txapelak jantzi zituen Andoni Egaña eta urte hartan nagusitu zen Maialen Lujanbio. Gaiak zuzenean aipatu ez arren, txapeldun aldaketaren gaia zeharka agertu zen bertsoaldian.

 Udazkenean hasiko da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Bien bitartean, motorrak berotze aldera, 1986tik hona jokatutako finaletako bertsoaldirik onenak ari gara errekuperatzen Bertsoa.eus-en.

 Bigarrenez BEC-en

 2009an bigarrenez jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala BEC-en. Lau urte lehenagoko finalean aritutako Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Jon Maiarekin batera Aitor Sarriegi sailkatu zen final hartara. Aretoa lepo zela jokatu zen azkeneko saio hura.

 Txapeldun aldaketa

 Dena den, 2009ko final hartan aldaketa esanguratsu bat izan zen: lau aldiz jarraian txapeldun izan ondoren, Andoni Egañak laugarren egin zuen finalean. 2001ean buruz burukora iritsia zen Maialen Lujanbio, eta askok bera jotzen zuten 2009an txapeldun izateko hautagai nagusitzat. Azkenean hernaniarra gailendu zen, eta bukaerako agurrean "lehengo amonen zapi gaineko gobaraz" gogoratu ondoren aldarrikapen argia egin zuen: "herri hau sortzen segi dezagun euskaratik ta euskaraz". Andoni Egañak final hartako bukaerako agurrean iragarri zuen hura izango zela bere azkeneko txapelketa.

 Giltzurruna ematen seiko motzean

 Txapeldun berria eta aurreko txapelduna elkarrekin aritu ziren sei puntuko motzeko ariketan. Gaiak zihoen Maialen Lujanbiok giltzurrun bat eman ziola Andoni Egañari. Ariketa bikaina osatu zuten biek, eta, zeharka, txapeldun aldaketari ere kantatu zioten.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri